Espainiako banderarik gabe egon da hainbat orduz Erandioko Ertzain-hiria

Erandioko Ertzain-hiriko hall-etik Espainiako bandera kendu dutela jakinarazi du gaur Europa Press albiste agentziak, Ertzaintzaren sindikatuak iturri gisa aipatuz. Albiste agentziaren arabera, gauza bera jaso da Eibar, Zumarraga eta Beasaingo polizia autonomikoaren egoitzetan eta beste leku batzuetan ere gertatu izana ez dute baztertu. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, ordea, uko egin dio informazioa berresteari, bandera horiek kentzeko agindurik ez duela eman adieraziz, eta bandera eta sinboloen inguruko legedia betetzen ari dela azpimarratu du. Gauzak horrela, polizien sindikatuek Giza Baliabideetako arduradun bati leporatu diote banderak kentzeko erabakia hartu izana. Halere, Efe albiste agentziak zabaldutakoari jarraiki, Espainiako bandera berriro ere da Erandioko Ertzain-hirian, desagertu eta hainbat ordutara berriro jarri dutela. Gainera, iturriak ez datoz bat, Espainiako banderek eraikin horietan betetzen duten funtzioari buruz. Eferen arabera, 1981eko Banderen Legeak "eraikin publiko zibil guztietan" jartzea agintzen du. Bestalde, Ertzaintzaren sindikatuek gogoratu dute PSE-EE Jaurlaritza iritsi ostean polizia-etxe ezberdinetako halletan Espainiako bandera, ikurrina eta Ertzaintzaren ikurrarrekin batera jartzea erabaki zutela sozialistek. Argazkian, Patxi Lopez eta Rodolfo Ares, orduko EAEko lehendakaria eta Herrizaingo sailburua, 2010eko maiatzaren 16an, Ertzaintza Eguna Erandio Landako Ertzain hirian ospatzen / cc-by Irekia-Eusko Jaurlaritza.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun