Atzo goizean Ertzaintzak 37 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Erandion, lesio delitu bat leporatuta. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera, ostalaritza saltoki batean eztabaidan aritu ondoren, atxilotuak labankada eman zion beste pertsona bati besoan, eta larri zauritu zuen; horren ondorioz, zaurituari ebakuntza kirurgikoa egin behar izan diote ospitalean. Gertaera Urteberri egunean jazo zen, Astrabudua auzoko taberna batean. Bi pertsona eztabaidan hasi ziren taberna barruan, eta egoera hartzen ari zen traza ikusita, tabernariak handik irteteko agindu zien, polizia iturriek azaldu dutenez. Kanpoaldean, bi pertsona haietako batek jarrera desafiatzaileari eutsi zion, eta egoera baretzen saiatzen ari zen tabernariaren lagun bati ukabilkada bat eman zion aurpegian. Tabernaria bi gizonezkoen artean jartzen saiatu zen, baina lagunaren bularrerantz zihoan labankada bat tabernariak berak jaso zuen ezkerreko besaurrean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!