Sartu zintuzten ate berberetik atera zintuzten, eta zu ikustean erortzen zitzaizkigun malkoak irentsi eta amorru bihurtu genituen. Ehunka eta ehunka animo garrasi urratu, mila muxu eskaini genizkizun, eskuetan sua sortu arteko txalo zaparrada, hitzik behar ez duten begiradak, ukabilak gora... Nahiz eta armekin, maitasun adierazpen horiek guztiak ezabatu nahi izan, nahiz eta gure kontra oldartu, ez genuen pausorik atzera egin eta azkenera arte, zure ondoan gelditu ginen. Zin egin genuen bezala.
Euren legearen arabera, aspaldi egon behar zinen libre gure artean, zure amaren besartean; eta zu bezala noski, ehunka euskal preso politiko. Gaixoak, kondenaren 3/4 eta 2/3 bete ditu-zuenok, doktrina maltzur eta bihozgabekoa jasaten zaudetenok, kilometro amaiezinetara sakabanaturikoak, sorterria atzean utzitako iheslariak. Madrilgo zein Parisko gobernuek xantaia gisa erabiltzen dituzte preso politikoak, aurrera doan prozesua stand-by-ean abandonatzeko. Trukean jolasteko txanpon bezala dauzkate euren beldurrezko ziegetan, presoak, senide eta lagunen oinazea luzatzeko. Beraz, zuongatik, guregatik eta gure hurrengoengatik ezin dugu partida hau galdu, irabazteko ordua heldu zaigu, orain edo inoiz ez! Lehenik, Urtarrilaren 12an Bilboko karrikak eztanda eginarazi behar ditugu eta 13an, 14an, 15ean... ere bai, gure exijentzia demokratiko eta humanoa geldiezina bihurtu arte. Olatu erraldoia eratu behar dugu, sasi mandatariei, indarrean daukaten espetxe politikak kostua ekar diezaiela, bertan behera uztera behartuta senti daitezen.
Azken hitzak zuretzako dira, Angelita. Lasai eta harrotasun osoz joan, joan beharreko tokira, eta orain deskantsatu, merezita daukazu-eta. Angelita, adiorik ez dago, gero arte baizik. Animo Kitxu, zurekin gaude eta betiko egongo gara!
Unai Gorozika Pikasarri, Itzubaltzetako Herriraren izenean