Uribe Kostako Mankomunitatearen berbalagun egitasmoaren ekimenez, urte berriari ongi etorria emateko ekimen berezia antolatuko dute Sopelan. Antolatzaileek zabaldu dutenez, hilaren 18an, larunbata, artile tailerra egingo dute Sopelako Kurtzio kultur etxean, goizeko 10etatik 13etara. Bertan, artile ezberdinak eta beren erabilerak ezagutzeko aukera izango da, tartean, sakelakoarentzako zorroak, eskumuturrekoak, paparrekoak edo artilezko muralak eginez, Abadiñoko Alluitz Natura baserri-garapenerako enpresak lagunduta. Tailerrean parte hartu nahi duenak ostegunera arte zabalik dauka izena emateko epea. Halere, presa ematea komeni da, tokiak mugatuak direlako. Apuntatzeko, 688 849 810 telefonora deitu edo UKberbalagun[abildua]gmail.com posta elektronikora idatz daiteke. Aurtengoa, Berbalagun egitasmoa Mankomunitatean dabilen seigarren urtea da. Guztira, 59 pertsona dabiltza ekimenean, 8 taldetan banatuta. Halere, mintzapraktikan aritu nahi duenak besoak zabalik hartuko dute eta aipatutako telefonoa eta posta elektronikoaren bidez eman dezake izena. Argazkian, berbalagunak artxiboko irudian, ardo eta gazta dastaketa ikastaroan / cc-by-nc Berbalagun Uribe Kosta.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!