Joan den abenduaren 25az geroztik Ertzaintza larderiaz egindako lapurreta salaketa bat ikertzen aritu da. Lapurreta Getxo udalerriko taberna batean gertatu zen. Lapurretaren autorea tabernara sartu zenean langile bakarra zegoen bertan, lokala garbitzen. Komunean giltzapetzera behartu zuen, eta bitartean kutxa erregistratzaileko dirua hartu zuen. Joan den urtarrilaren 1ean (hura ere jaieguna), larderiaz egindako beste lapurreta baten berri izan zen, kasu honetan Getxoko farmazia batean gertatu zena. Salaketaren arabera, arropekin aurpegia estaltzen zuen gizonezko batek, labana handi bat hartuta, saltzaileak mehatxatu zituen; dirua eskatu zien, eta nahi zuen zenbatekoa lortu zuenean ihes egin zuen.
Kasuan lanean ari ziren ikerketa agenteek argi ikusi zuten Errege Egunean eremu berean gertatutako pareko beste delitu batzuekin lotura argia zuela. Izan ere, goizaldean, gizonezko batek Getxoko Erribera kaletik zihoan oinezko bati lapurreta egin zion, labana handi batekin eta "modus operandi" eta ezaugarri bertsuekin. Egun berean, gauez, ustez autore berberak berriz ere lapurreta egin zuen arma zuri handi batekin, burua eta aurpegiaren zati bat arropa batekin estalita zituela; oraingo honetan erasoa Algortako taberna batean izan zen, eta bertako langile bat sukaldera sartzera behartu zuen. Gau horretan bertan, dirudienez, kaletik zihoan beste oinezko bati ere lapurreta egiten saiatu zen, oinezkoa higiezin bateko atari batera sartzear zela. Kasu horietan guztietan, erasoen biktima guztiak emakumezkoak izan dira.
Atxiloketa
Polizia lanak biharamunean eman zuen fruitua, eta herenegun, urtarrilaren 7an, Ertzaintzak, Getxoko Udaltzaingoaren laguntzarekin, lapurreta horien guztien ustezko autorea atxilotu zuen. Delitu aurrekariak dituen gizonezkoa da: 2010ean bi zerbitzugune eta farmazia batean larderiaz lapurreta egiteagatik atxilotu zuten, eta orduan espetxeratu egin zuten. 2011n berriz ere atzeman zuten larderiaz eta indarkeriaz lapurreta egiteagatik, eta orduan ere kartzelara bidali zuten.