Antton Azkargorta eta Jose Luis Herrero: "Goirizelaiaren berrautaketa"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urt. 10a, 19:31

Duela hilabete UPVko errektorea izendatzeko hauteskundeak burutu ziren. Ezaguna denez, Iñaki Gorizelaia, aurreko errektorea, berrautatua izan zen. Egia esateko, hautes-kanpainak ez zuen interes handirik piztu, ez unibertsitatean ez gizartean. Hautagaiaren programa oharkabean pasa eta gai izarra Gabonetako ordainsaria ordainduko zuenentz izan zen. Giroa apatikoa, grina gabekoa, eta abstentzioa oso altua izan zen. Zigor gisara interpretatu izan diren zuriz emandako botoak %45era iritsi ziren. Ikasleriak era masiboan paso egin zuen eta soilik eman zuen botoa ehuneko hiruak. Orotara botoa eman zuten unibertsitarien botoak apenas gainditu zuen ehuneko bosta. Aipatu zifrok nahiko deigarriak dira eta hautagaia bakarra izateak ez dizkigu arrazoiak guztiz argitzen. Argazkian, Antton Azkargorta eta Jose Luis Herrero irakasle kaleratuak, ezkerretik bigarrena eta laugarrena, artxiboko irudian.

UPVren historian izan da unibertsitarien, komunikabideen eta gizartearen interesa piztu duen beste hautes-prozesurik. Agian aldaketa politikoen garaiak zirelako, istilu politiko eta ideologikoak tartean zeudelako edo boterea lortzeko borroka gordinak ere present zeudelako. Akaso, baita ere, haietako batzuetan indarrean dagoen eredu unibertsitarioari alternatiba erradikalagoak kontrajarri zitzaizkiolako. Gogora ditzagun esaterako trantsizioa delakoaren garaiko klaustro arauemaileak.

Haietako batzuetan hautagai ofizialei ordezkariek betoa ipini zieten eta lege-baldintzak betetzen ez zituzten beste batzuk izendatu. Edo beste hartan, Emilio Barberaren inguruan bildutako teknokrata liberalak "kontsentsuaren" taldearen kontra aurkeztu zirenean. Talde honek unionistak, estatuaren estrategien menpeko sindikalistak, burokratak eta EA alderdikoak elkartzen zituen. Ezin ahaztu ere Ertza kandidatura apurtzailea, Euskal Unibertsitaterako proiektu batekin zetorrena. Denboran hurbilago, 2000. urteko hauteskunde oso lehiatuetan klaustroren ia %100ak hartu zuen parte. Monterok gidatutako unionisten eta Perez Iglesiasek bildutako nazionalisten arteko borroka duelu gisa ikusi izan zen. Ekar ditzagun gogora azkenik 2004ko hauteskunde bitxiak: zazpi lehiakide aritu izan ziren errektore-aulkiaren bila. Haien artean, ezker abertzalearen hautagaiak, Iñaki Antiguedadek, bigarren postua eskuratu zuen. Zazpi hautagaiek praktikan unibertsitate publikoko interes-talde eta kolektibo guztiak ordezkatzen zituzten, eta orduan bai, logikoki, parte hartzaileen kopurua hirukoiztu egin zen. Izan ere, esanguratsua da orduko hartan ikasle boto emaileen kopurua azken hauetakoa baino zortzi aldiz handiagoa izan zela.

Goirizelaiaren demarik gabeko «garaipena» ez dugu uste unibertsitarien artean dukeen karismagatik, edo kudeaketa ezin hobea garatu duelako, edo bere meritu politikei esker, edo jendearentzat proiektu erakargarria aurkeztu duelako izan denik. Areago, Goirizelaiaren irudia teknokrata gris batena izan da, ideia neoliberalekiko ongi egokitua eta "bikaintasuna" eta "konpetitibitatearen" aurrean gero eta makurtuago dagoen unibertsitateari aplikatua. Hori bai, maila akademikoan normaltasun kontserbadore batez gozatzeko aukera izan du. Ikasleen mugimendua desagertuta dago, ezker abertzalea oso integratuta, nahiko eroso egungo egitura unibertsitarioan. Ez du proiektu politikorik eta bere agerpenak deklaratibo hutsak dira, ez du inongo konpromisorik agertzen aldarrikatzen duena praktikara eramateko. Ezker abertzalea bestalde 2004tik hona zatituta agertu da. Batzuek beste hautagai bati eman diote botoa ("txarrik onenari"), eta beste batzuek –ikasleek gehienbat, nagusien iritzitik aldenduz– abstentziora jo dute.

Beste aldetik, beste ohiko bloke opositorea, unionistena alegia, denbora aurrera joan ahala, eragin akademikoa, administratiboa eta politikoa galtzen joan da. Bere eredu unibertsitarioa gero eta gehiago joan da "errealitatera" makurtzen, hots beren aurkari teorikoen eredura. Gaur egun ez du ikuspen alternatiborik eskaintzen. Gainera, Patxi Lopez eta Goirizelaiaren arteko sintonia onak alternatiba erreal baten aukera ezerezean utzi du. Nahiz eta ezin ahantz daiteke oraindik administrazio zentralaren instantzia politiko eta juridikoekin duen harreman estua dela eta horrek kontrol eta ahalmen nabarmenak ematen dizkiola unibertsitatean.

Egungo unibertsitatea, gizarte osoa bezala, krisi ekonomiko eta politikoan murgilduta dago. Zibilizazio-krisi sakonagoan ere bai.

Hainbat praktika, balore eta irudi zaharkituta gelditzen ari dira egunetik egunera. Horrekin batera lurralde-krisi batek ere bete-betean jotzen du: gizarteak gero eta indar handiagoz exijitzen ditu independentziari eta gure arazo hurbilekoei erantzunak ematea. UPVri eta unibertsitateari, abertzaleei batez ere, garai hauek eskatzen dutenaren maila eskatu behar zaie. Egun unibertsitatea mugitzen duen pragmatismo teknokratiko eta merkatuzale arruntetik haratago joateko ordua da. Alternatiba argien, eraldatze unibertsitario, politiko eta sozialen ordua da. Konpromiso, balore berrien eta unibertsitatea beste norabide batean orientatzeko garaia da. Eta hori guztia gure herriak duen askatasun eta justizia sozialaren nahiarekin lotura estuan.

Antton Azkargorta eta Jose Luis Herrero EHUko irakasle kaleratuak
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun