Getxo udalerrirako prestatu zen hasierako orria berdiseinatu da, parte hartzen duten herri eta mankomunitate guztiak batzeko. Bertan, Euskal Herriko mapa batean Bizkaia dago nabarmenduta eta gainean sakatuz gero parte hartzen duten herri eta mankomunitateen izenak ikusi eta aukeratu ahal izango dira. Gainera, argitaratu diren azken eskaintza eta eskaeren zerrenda dago ikusgai.
Beharsarea euskarazko lana bideratzeko interneteko ataria da, doakoa eta euskaraz egiten den lana eskaini eta eskatzeko tresna erraz eta eraginkorra.
Lanak kategoriatan sailkatuta daude, baina lan mota guztiak bideratzeko balio du Beharsareak. Ildo horretan, lan partzialak zein lan profesionalak eskaini eta eskatu daitezke zerbitzu honen bidez. Euskaraz lanen bat egiteko jendea aurkitu behar izatekotan edota lana bilatu nahi izatekotan, www.beharsarea.net bide erraza eta zuzena da.
Getxo udalerrian hasita
Beharsarearen lehenengo aurkezpen ekitaldian, Koldo Iturbe zinegotziak bere poztasuna agertu zuen, "guretzat garrantzitsuak diren hainbat helburu betetzen ditu, tartean enpleguaren alde egitea, eta hori oso positiboa da, are gehiago pairatzen ari garen krisi garai latz honetan, lan bila ari diren eta kontratatu nahi duten lagunak harremanetan jartzen dituelako; euskararen erabilera sustatzea, pertsona euskaldunak eskatzen eta eskaintzen baitira eta gainera euskara teknologia berrietara hurbiltzea ere".
Rozio Luces Beharsarea.net-en funtzionamendua azaltzen (© Getxoko Udala)
Koldo Iturbe proiektuaren balorazioa egiten (© Getxoko Udala)