Herrira mugimenduak eta urtarrilaren 12ko Herri Mobilizazio Orokorrari atxikimendua eta babesa eskaini dioten hainbat eragileek azken agerraldi publikoa egin zuten atzo, Bilboko udaletxe aurrean, biharko martxan parte hartzeko deia luzatuz. Bertan, atxikitako eragileen izenean, Iratxe Urizar Giza Eskubideen Behatokiko partaideak eta Eleak Mugimenduko Txerra Bolinagak hartu zuten hitza, manifestazioaren garrantzia azpimarratu eta sentsibilitate eta ideologia ezberdineko milaka pertsonek “Giza eskubideak.Irtenbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira” dioen pankartaren atzean bilduko direla azpimarratzeko. Horrekin batera, bertan bildutako hedabideei Herri Mobilizazio Orokorrak bildutako atxikimenduen zerrenda banatu zieten. Adierazi dutenez, azken minutuetan gainera, konfirmazio berriak izan dituzte, kasurako Alberto San Juan aktorearena eta CCOO Euskadiko zuzendaritzarena. Argazkian, Bilborako deia luzatu zuten Algortako urteko azken ostiralean / cc-by Algortako Herrira.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!