Iker Rodrigo: "Lainoa bezala... gu edonora goaz"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urt. 11a, 17:25

Abenduaren 24an, Itzubaltzeta / Romoko elizaren eskumaldeko kalean, kotxetik atera zuten "Kitxu". "Txakurrez" inguratuta eta eskuburdinekin lotuta ekarri zuten. Ziztu bizian sartu zuten apaizaren etxera baina, hala ere, ondo asko entzun ahal izan zituen han bilduta geundenon txalo eta animo aldarriak. Hamar bat segundoko tartean ikusi ahal izan genuen, hogeiren bat pausu kotxetik ateraino, baina nahikoak izan ziren segundo gutxi horiek, pausu labur haiek "Kitxu"-ren duintasunaz ohartzeko. Eliza barruan ere duintasun hori bizitzeko aukera izan genuen. Gabon gaua zen eta denok mezara, sermoia entzun eta jaunartzera; ateo, agnostiko, fede gabekoak izan arren, gure elkartasuna gertutik adierazi nahi izan genion hainbeste eman duen eta ematen jarraitzen duen auzokideari. Elkartasuna eskaini eta duintasun irakaspena jaso genuen. Argazkian, Leioako Herrirak biharko manifestaziora deitzeko kaleratutako kartela / © Leioako Herrira.

Ez da makala "Kitxu" eta beste euskal preso politikoek pairatu eta pairatzen duten egoera. "Kitxu"-k, 18 urte daramatza preso, eta 18 urte horietan guztietan Estatu hiltzaile baten gizagabeko espetxe politikaren muturreko egoerak sufritu ditu. Euskal Herriko askapen borrokari aurre egiteko diseinatu zuten egun mantentzen duten espetxe politika krudela. Euskal Herrian hedatzen zegoen askatasun nahia zuten helburu eta ez zuten zalantzarik izan helburu horren bidean presoak gerra eskema batean kokatzeko.

Presoen kontrako neurrietan urrats berri bat eman zuen 1989an Estatuak, PSOE gobernuan zela eta PNVrekin batera euskal preso politikoen dispertsio politikari ekin zioten. Askapen mugimendua baldintzatzeko helburuarekin eta birgizarteratzea aitzakia moduan baliatuta, preso politikoen baldintzek okerrera egin zuten. Presoak sakabanatu zituzten, isolatu, bizi baldintzak gogortu… finean, etsipena, askapen mugimendua ahuldu eta pitzatzea zuten helburu.

Ajuria Eneako itunaren garaiak ziren eta dena balio zuen askapen mugimenduaren kontra. Euskal Herritik milaka kilometrora, lagun eta senideengatik urrun, ziega ilunetan usteltzen utziko genituela pentsatzen zuten, presoak askapen borrokaren kontrako arietea bilakatu nahi zituzten.

Lainoa edonora doa eta lainoa bezala dispertsio politika ezarri zutenetik asteburuz asteburu ehunka lagun edonora joateko prest egon gara, milaka kilometro egiteko prest egon gara berrogei minutuz gure lagun eta senideekin egoteko. Prest izan gara ziega ilun horietara Euskal Herriko kolore biziak eramateko eta handik bueltan Euskal Herriko paisaia argitzeko ziegetatik ekarritako argi izpiekin. Kilometro amaigabeetan barna barreiatu gara ziegetako duintasunaz bustitzeko eta malkoen artean ukabila altxa eta kristala gorrotatuz maite zaituztegu oihukatzeko. Urteetan zehar barruko zein kanpoko elkartasun eta maitasun keinuek argi erakutsi dute herri honen askatasuna herri honetako kide maitatuenen askatasunarekin guztiz lotua doala, argi dugulako herri askea lortzeko ezin dela preso politiko bat bera ere egon.

Bidaia gogorra egin dugu laino artean, eta bidaia gogorra dugu aurrean oraindik ere. Estatuaren itxikeria eta egoera honen arduradun diren buruzagi politikoen utzikeriak ez du erraztuko bidea, inoiz ez digute ezer erraz jarri eta oraingoan ez da ezberdina izango. Soilik herri oso baten lanak bermatuko digu aurrera egitea, soilik herriz herri, herritarren ekarpenak batzetik eta presoen askatasunaren aldarrikapena lainoa bezala edonora eramanez lortuko dugu euskal preso guztiak etxera ekartzea. Garai politiko berriak bizi ditugu Euskal Herrian eta iraganeko errezetak baliagarriak izan ez arren etsaiak horiei eusteko hautua egingo du, lehen bezala orain ere askapen mugimendua geldiarazi eta herri honen askatasun nahiari aurre egiteko.

Estatuaren immobilismoaren helburua askapen prozesua gelditzea bada, askapen prozesuaren aldeko indarrak biderkatu behar ditugu, presoen etxeratzea exijentzia bilakatuko dugu, kalera aterako gara, mugituko gara, lainoa bezala edonora hedatzen joango gara estatua mugitzeko eta euskal presoak kaleratzera behartuko ditugu. Ez dagoelako gurea bezalako herri baten nahia gelditzerik, eta aurrera egingo dugu, preso bakoitzaren askatasuna ospatuz, askatasun bidean urratsak emanez eta "Kitxu"-k eta Euskal preso politikoek erakutsi diguten moduan, une gogorretan ere, duintasunez erantzuten jarraituko dugu.

Gau ilunean ziega urrunetara eraman zuten "Kitxu" gabon gauean. Gorroto eta maitasun keinu eta kolpeen artean, han bildu ginen herritarrak, kotxea alde egiten ikustean irribarretxo bat genuen aurpegian, lainoak bustitzen duen bezala, xirimiriaren tankeran, txakur beltzen artean gure helburua lortu genuelako. "Kitxu" elkartasunez eta maitasunez busti eta bere duintasunaren zati batekin gelditu ginelako. Gau berezi hartan, egoera latz hartan argi gelditu zelako "Kitxu" eta bera bezala estatuaren gorroto politika pairatzen dutenak ez ditugula sekula bakarrik utziko, herrira ekarri arte borrokan jarraituko dugulako.

Lainoa edonora doa, Euskal preso politikoen lagun eta senideak bezala, baina urtarrilaren 12an laino guztia Bilbon elkartuko da eguna argitzen laguntzeko, preso guztien askatasunaren eguna helduko da, bai, baina guztion artean egun hori arinago heltzea lortuko dugu. Urtarrilaren 12an Bilbora joango garen moduan, azken Euskal preso politikoa askatu arte, dagoen lekuan dagoela haraino joango gara, ez dugulako aske izaterik haiek gabe, haiekin askatuko baikara gu ere.

Iker Rodrigo Basterretxea, ezker abertzaleko militante lutxanarra
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun