Gaur Bilbon izango den euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko
herri mobilizazio orokorra bultzatzeko lanean ibili dira azken asteotan
Urdulizko Herriraren kideak. Izan ere, Urdulizko Bildu koalizioaren, Iretargi kultur elkartearen eta hainbat merkatari eta ostalariren babesa batu dute aipatu ekimenerako, guztiek sinatutako agiri batean plazaratu berri dutena. Antxon Rodriguez Urdulizko Herriraren eledunak gogoratu duenez, "gehiegi luzatu den gatazka egoera atzean utzi eta denen artean bake egoera justu bat eraikitzeko aukera berriak zabalik dira Euskal Herrian", elkarrizketei, Aieteko bake konferentziari zein ETAk behin betiko armak isilarazteko hartutako erabakiari erreferentzia eginez, besteak beste. Halere, Herrirako partaideek nabarmendu dutenez, gatazkaren ondorioak oraingoz konpontzeke daude. Preso eta erbesteratuei zein haien senideei dagokienez, funtsezkotzat jo dute sakabanaketarekin amaitzea, gaixotasun larriak dituzten presoak libre uztea, bizi arteko zigorrak ahalbidetzen dituzten neurriak bertan behera uztea eta, oro har, "pertsona bezala dagozkien giza eskubide guztien errespetua". Estatu espainolak zein frantsesak bide hori har dezaten bultzatzeko, gaur Bilboko manifestaziora hurbiltzera deitu dituzte urduliztar zein euskal herritar guztiak. Era berean, bertoko Udalari "presoen eta iheslari politikoen eskubideen alde lanean jartzeko" eskatu dio Herrirak.