Lemoizko Bilduk Mungiako azokara joateko autobusa kontratatzeko diru partida bat sortzea proposatu zuen 2013ko udal aurrekontuei egindako emendakinetan. Diru partida horri esker, garraio zerbitzua kontratatu ahal izango zen ostiral goizero Lemoiztik Mungiara joan eta etortzeko, Bizkaibuseko linea berria lortu bitartean. Horretarako behar den dirua ateratzeko, udal talde eta alkate eta zinegotzien ordainketarako diru partida murriztea proposatu zuen koalizio independentistak. "EAJk ez zituen gure proposamenak onartu, baina Bizkaibuseko linea jartzearen eskaerak Foru Aldundiko ezezkoa jasoko balu, gaia aztertu eta martxan jartzeko borondatea erakutsi zuen", azaldu dute Bildukoek. Horren aurrean, bere diru asignazioaren zati bat autobus zerbitzu hori egun berezietan jartzeko erabiltzea erabaki du aipatu taldeak; lehenengoa San Antontxu egunean, ostiral honetan, urtarrilak 18. Argazkian, nekazaritza azoka eskualdean.