Amaitu da 2013ko aurrekontuak lantzeko prozesu parte-hartzailearen lehen fasea Sopelan. Udal Gobernua osatzen duen Bilduk zuzenduta, azaro eta abendua bitartean auzo bilerak eta bilera sektorialak izan dira herriko hainbat gunetan, eta bertan, auzokideek euren iritzi, ekarpen, kritika eta proposamenak egiteko aukera izan dute. "Horretaz gain, Udal Gobernu Taldeko ordezkariek aurrekontu parte-hartzaileen nondik norakoak eta Udalaren osasun ekonomikoaren egoera azaldu dute. Hala, herritarrek zuzen-zuzenean jaso dute aurrekontuen inguruko informazioa. Eta alderantziz ere: udal ordezkariek herritarren ekarpenak zuzen-zuzenean jaso dituzte", adierazi dute tokiko agintariek. Bestalde, sopeloztarrek aurrekontuen inguruko inkesta betetzeko aukera izan zuten abenduaren 20ra arte. Bertan, euren lehentasunak markatu zituzten, hainbat aukeren artean. Prozesuaren eta inkestaren emaitzak aztertzeko, asanblada egingo dute ostiral honetan, urtarrilak 18, 19:00etan, Kurtzio Kultur Etxean. Argazkian, auzo-bilera Sopelmarren / © Sopelako Udala.