Euri-jasa dela eta orain arte hartutako hainbat neurri zabaldu du Getxoko Udalak. Besteak beste, Larrañazubiko auzokideei etxetik ateratzeko eskaini die. Momentuz ez du inork aukera hori onartu. Era berean, Udaltzaingoaren hainbat patruila goizeko lehenengo ordutik era iraunkorrean kokatu dira udalerriko hainbat tokitan, hau da, Salsidun, Larrañazubin, Boluen, Txikia plazan, Faduran, Neguri Langilen eta Etxezurin, gune horiek zain ditzaten. Lan horiek atzo arratsaldez ere burutu ziren, udal iturrien arabera. Bestalde, Poliziak 25 bat auto atera ditu Salsiduko etorbidetik eta Zubileta aldetik. Gainera, Udalak, ibaiaren ondoko arrisku handiko guneetara lur-sakoak eraman ditu. Bestalde,
Fadura kiroldegiko jarduera guztiak bertan behera geratu dira, ikastaroak barne. Era berean, kiroldegiari zerbitzua ematen dioten eta kaltetuta gerta daitezkeen instalakuntzak desmuntatu dituzte eta sabai erretraktila duen barruko igerilekua, Bolueko zelaitik gertukoa, itxi egin dute. Argazkian, umeak Larrañazubi ikastetxetik irteten simulazio batean, artxiboko irudian. Ikastetxeak ibaiak gainezka egingo duelakoan umeak eramateko eskatu duela azaldu dute hainbat gurasok / © Eusko Jaurlaritza.