Udalak bertan behera utzi du Getxoko Kirol Gala

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urt. 15a, 19:29

Gaur, asteartea, VI. Getxo Sasoi Sasoian Gala edo Kirol Sarien Gala ospatzekoak ziren Algortako Fadurako udal kiroldegian. Bertan, 2012an Getxo udalerriko kirolari onenari saria eman behar zioten, gainera. Halere, euriteak eta Gobela ibaiak arratsaldeko 7etan biziko duen mareagora direla eta, ekimena bertan behera utzi du Getxoko Udalak. Gauzak horrela, iazko kirolaririk onena nor izan den jakiteko irrika aste batez luzatuko da, datorren asteartean, 20:00etan burutuko baita ekimena. Udalak barkamenak eskatu du atzerapenagatik. Udalerriko zortzi kirol kazetarik osatutako epaimahaiak Nerea Eugenia Iturriaga txirrindularia, Borja Zorrilla atleta, Maria Lopez de Egilaz belar-hockeyko jokalaria eta Amadeo Torrens bela-nabigatzailearen artean aukeratu beharko dute. Bakarrak hartuko du Getxoko kirol saririk nagusiena zein aurtengo nobedadea izango den polo berezia. Beste hirurei Getxoko Aixerrota ikurra emango diete, beste hamar talderi bezala. Gala iaz saritutako bi pertsonek gidatuko dute. Argazkian, Javi Polo, Getxo Rugbyko emakumeen taldea eta beste hainbat kirolari orain bi urteko edizioan / cc-by-nc-sa Ilanda.eu.

Hautagaiak

• Nerea Eugenia Iturriaga, Punta Galea txirrindularitza elkarteko txirrindularia da, Bizkaiko errepideko eta erlojuaren aurkako txapelduna, Euskadiko errepideko txapeldunordea eta laugarrena erlojuaren aurkako proban eta Espainiako txapelketetarako hautatu dute Euskadirekin lehiatzeko.

• Borja Zorrilla, Barcelona taldeko atleta 3. izan da Espainiako txapelketan, gazte mailan, 200 metro lauan kanpoko pistan, Euskadiko txapelduna, gazte mailan ere, 200 metro lauan pista estalian, Espainiako 2. Euskadiko selekzioarekin eta Euskadiko txapelduna 200 metrotan maila absolutuan.

• Maria Lopez de Egilaz, Belar-hockeyko jokalaria, egun Herbehereetako HDM taldeko jokalaria da, nazioartean jokatu du selekzio espainiarrarekin eta olinpikoa izan zen Pekinen, 2008an.

• Amadeo Torrens, bela-nabigatzailea, Abrako Itsas Errege Klubeko kidea, bere aldetik, Espainiako Bela txapelduna da Laser Radial kategorian.

Taldekako eta sari bereziak

Kirolaren Galan Getxoko Udalak 14 sari emango ditu guztira, banakako eta urteko kirolari onenaren sariekin batera, udalerriko zenbait taldek lortutako garaipenak aintzat hartzeko, baita kirolaren alde eta kirolarentzat lan egiten duten pertsonak eta elkarteak ere. Izan ere, taldeka, honako sariak emango dituzte:

• Getxo Igeriketako emakumeen taldeari Getxo Kirol Berriak saria, Euskadiko txapelduna delako taldeka, Bizkaiko errekorra duena, absolutuen mailan, 4x50 eta 4x100-koan eta 4. 4x100-ko librean Espainiako junior txapelketan.

• Getxo futbol taldeko mutil gazteen taldeari ere Getxo Kirol Berriak saria emango diete, Liga Nazionalera igotzeagatik.

• Bizkerre futbol taldeko emakumezkoen senior taldearentzat Getxo Kirol Saria izango da aurten, Euskal Ligara igotzeagatik.

• Getxoko futbol talde nagusiarentzat ere Getxo Kirol Saria izango da, 3. mailara igotzeagatik.

• Asier Garcia saskibaloiko jokalariari Marka Hautsiz kirol egokituari saria emango diote.

• Jose Ramon Basterretxea Getxo Arrauneko partaideari Kiroltasuna saria egindako ibilbideagatik.

• Getxo Show Patinaje Artistikoko Elkarteak Getxo Berrituz saria jasoko du berrikuntzagatik.

• Indupime Itzubaltzeta / Romoko Romo eskubaloi taldearen babesle ofizialak Getxo Zabala saria erdietsiko du, erakutsitako altruismoagatik.

• Jose Ramon Arrupe 82 urteko xake jokalariari, Aitzindariak saria emango diote. Arrupe Espainiako txapelduna izan zen taldeka, 1957, 1959, 1961 eta 1962 urteetan, eta Bizkaiko bakarkako txapelduna 1950, 1951, 1952, 1954, 1955 eta 1993an eta taldeka 1950etik 1955era. 2010eko uztailean parra egin zuen egungo txapeldunarekin, Viswanathan Anandekin, Bilbon jokatutako aldibereko partidetan. Lehenago, parra egin zuen ere Anatoli Karpov eta Ruslan Panomariovekin. 1954ko Buenos Aireseko Olinpiadetan jokatzeko hautatu zuten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun