Urdulizko Udala herriko kaleak identifikatzeko seinale berriak ari da kokatzen. Dagoeneko hainbat eta hainbat karriketan ikusgai dira. Baina, oraindik ere kokatzeke daude seinaleak herriko zenbait etorbide eta kaleetan, eta Udalaren asmoa datozen hilabeteetan lan hori bukatzea da. Urdulizko seinaleztapena berriztatzearekin batera lortu nahi den helburua ondokoa da: "herriaren batasuna adieraztea eta bertakoek zein herrira bisitari datozenek ikusten duten identifikazio marka hori argi eta garbi Urdulizekin lotzea". Hortaz, irudi bateratua lortu nahi dute. Horregatik, seinale guztiak berdinak dira formatu aldetik, baita tamainari dagokionez ere. Seinale berriek zutoin bat daukate oinarri bezala, hori eta urdin kolorezko marrak dituena (kolore korporatiboak), eta laukizuzen formadun bandera bat goialdean. Laukizuzen urdin horren gainean kokatu dute izena, hori kolorezko letratan, eta izenaren ezkerrean Urdulizko ezkutua dago, ofizialtasunaren marka bezala. Argazkian, seinale berrietako bat / © Urdulizko Udala.