Euriteak daudenean Gobela erreka gainezka egitearen arriskuagatik kezkatuta agertu da berriro ere
Getxoko PP. Hala ere, atzokoan, uholdeak saihesteko egindako lanek emaitza onak izan zituztela onartu dute popularrek. Marisa Arrue bozeramailearen arabera, "eremu urpegarriek daukaten garrantziaz jabetu gara. Hori dela eta, inoiz baino gehiago eskatu nahi dugu Zubilleta aldean ortuak jartzeko proiektua bertan behera uztea, URA agentziaren hasierako egitasmoak dioenez, urak gainezka egiteko eremutzat jotzen delako". Baina, zehazki, Fadura kiroldegi ondoko zubiak jarri du jo-puntua PPk, aipatu egiturak "erreka moteldu eta urak gainezka egitea ahalbidetzen duelako". Hori berriztatzeko, Eusko Jaurlaritzak 300.000 euroko diru partida daukala adierazi du Arruek. Argazkian, udaltzain bat Gobela ibaiaren emaria zaintzen atzo Fadurako zubian.