Eusko jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Konrado Mugertza neguritarra berreskuratu zuen atzo. Izan ere, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Langileen Kudeaketarako zuzendari izendatu zuten Mugertza, Cristina Uriarte sailburuaren aginduetara lan egiteko. Neguritarra Aixerrota institutuko zientzia irakasle eta hezkuntza ikuskaria izan da
2010eko apirilean PSE-EEko Gobernuak Eskola Kontseiluko presidente gisa berretsi ez zuenetik. Mugertza, jeltzale ezaguna, euskalgintzan eta irakaskuntzan aritu da urte luzeetan. 1955ean Eibarren jaioa, Biologia ikasketak egitera etorri zen Getxo udalerri aldera. San Nikolas ikastolan eta Getxo III eta geroko Aixerrota institutuetan izan da irakasle, 20 bat urtez. Getxo III.-n zuzendaria ere izan zen. 2001ean, Jaurlaritzarako jausia eman zuen, hasieran Hezkuntza Saileko Europako Gaietako aholkulari gisa. Ondoren, hiru urtez Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria izan zen, eta azkenik, Euskadiko Eskola Kontseiluko (EEK) lehendakaria. Bestalde, "Kantarepe" eta "Bizarra Lepoan" zein
"UK" aldizkarien sortzaileetakoa da. Bere afiziorik preziatuenetako bat argazkilaritza da. Argazkian, Mugertza ezkerrean; Jokin Aspuru eta Gorka Oruetarekin "UK" Uribe Kostako aldizkariaren 10. urteurrenean.