EAJko lagunei "diru publikoa oparitzea" egotzi dio Maribel Landa Gaubeka Berangoko alkate jeltzaleari
bertako Ezker Anitza alderdiak. Ezkerreko taldeak bere bitakoran argitaratutakoaren arabera, Landak Berangoko gazte lonjen ordenantza idazteko prozesu parte-hartzailea burutzea "nahierara" esleitu ei dio Joseba Koldo Alzaga Muruaga den Maruri-Jatabeko alkate jeltzaleari. Ezker Anitzaren ustez, "horrelako lotsagabekeriek hiritarra kudeatzaile politikoengandik ihes egitera bultzatzen dute. Berangoko EAJk norabidea galdu eta, dagoeneko, dena bost axola zaiola ematen du. Kontu honetan okerrena da gerora ordenantza hiritarren parte hartzeaz egin dutela salduko diotela herriari, eta hemen ikusten dudan parte hartze bakarra EAJren alkateen arteko parte hartze ekonomikoa da", gaineratu du Koldo Endika Martinez zinegotziak. Halere, Ezker Anitzak ez du oraingoz zabaldu bere salaketa berresten duen agiririk. Argazkian, Maribel Landa Berangoko alkatea.