"Pottola" antzezlana ikusgai izango da bihar Erandion

Bihar, osteguna, Txalo Produkzioak konpainiaren "Pottola" euskarazko antzezlanaz gozatu ahal izango da Altzagako merkatu zaharrean, San Jeronimo kalean. Ordubeteko komedia ikusteko hitzordua arratsaldeko 8etan jarri dute eta saioa doakoa izango da, baina tokia mugatuta egongo da. "Pottola" pasa den larunbatean estreinatu zuten Sopelan. Begoña Bilbao da antzerki honen zuzendaria, eta bertan euskal antzerkigintzako hainbat aktore ezagunek parte hartzen dute: Maria Cruickshank, Aitziber Garmendia, Joseba Usabiaga eta Mikel Losada. "Pottola"-k Tony izeneko gizon baten istorioa kontatzen du. Tony arrakasta handiko gizona da, eta zeharo maitemintzen da Helenarekin, emakume argia, barregarria, sentsuala, jostalari ... eta 30 kilo soberan dituena. Haien arteko maitasun-harremana jakiten dutenean, Tonyren lagunek, Charlyk eta Sarak, jazarri egiten dute beren iruzkinekin, haietako batzuk krudelak baitira. Hala, kalte egiten diote Tonyri, berak transmititzen duen arrakasta handiko gizonaren irudiaz obsesionatuta baitago. Helenarekin duen harremana defendatzera behartuta, Tonyk itxurari buruz dituen aurreiritziei egin behar die aurre. Tonyk ahal duena egiten du, baina azkenean, zirt edo zart egin behar du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun