Bostetatik laugarrena
Antartikakoa "5 Itsaso" proiektuaren laugarren olatua izango da. Proiektu horretan, Acero planetako bost itsasoren olatu birjinak bilatzen ditu. Indonesian, Andaman (India) eta Angolan aritu ostean, Antartikako erronka zailari aurre egiteko prest dago surflaria.
Acerok olatu hori aukeratu zuen "Antartika oso urrutiko lekua delako eta, bertan nazioarte mailako olatua topatzea zaila bada ere, hain helezina den toki batera iristeak asko motibatzen nau. Gainera, Pakea Bizkaira igotzeko desioa aspaldikoa da eta azkenean gure helburuek bat egin dute", aurkezpenean adierazi zuenez.
Muturreko tenperaturek eta haize bolada gogorrek ez dute inola ere bere ilusioa murrizten. "Uraren tenperatura 2 eta 5 gradu bitartekoa da, baina tenperatura baxuei aurre egiteko bereziki prestatutako jantzi berezia dut, artilezko isolamendu batekin. Printzipioz, ordu eta erdi egon zaitezke uretan, baina beti ere mugimenduan, une batean gelditzen bazara, izoztuta gelditzeko arriskua duzulako", azaldu zuen.