Carlos Callonek, A Mesa pola Normalización Lingüísticaren izenean, epailearen harropuzkeria salatu zuen prentsa ohar baten bidez. Legearen alde ari zen Callon, baina epaitua bera izan zen. Fragak kalumniengatik salatu zuen eta. Hasiera batean salaketa ez zen aintzat hartua izan, baina Fragak helegitea jarri eta azkenean, hainbat atzerapenaren ostean, iazko azaroan hasi zen epaiketa. Zorionez, bidegabekeria ez da muturrera ailegatu: Callon absolbitua izan zen joan den urtarrilaren 8an, bere kritikak adierazpen askatasunaren eremuan kokatzen direla ebatzi eta gero. Ebazpenaren berri ematen dion idatzia ere jasoa du Callonek honezkero. Gaztelania hutsez, zapalduon garaipenak sekula ez baitira erabatekoak.
Bere aldetik, Fraga epaile dekano ohiak, prozedura legalak aurrera egiten zuen bitartean, lehenagoko harrotasuna ezkutatu eta ortografia huts bati –izatekotan tipografikoa izango zen, baina tira– leporatu zion La Coruña erabili izana A Coruñaren ordez. Hori esan eta La Coruña erabiltzen jarraitu zuen. Agian adierazteko huts ortografikoak -edo tipografikoak, ez dio axola– egiteko joera sendaezina duela, eta barkaberak izan gakizkion.
Testu hau idazteko dokumentazio bila nabilela ikasi dut A mesa pola Normalización Lingüísticak hainbat urte daramala Galiziako Xuntaren diru-laguntzarik jaso gabe. Eta bide batez, 2010ean Calloni egin nion elkarrizketa berrirakurri eta oroitu naiz galizieraren egoera ez dela niri, uda oro aitaren sorterrira noan bakoitzean –abizenagatik igarriko zenuten familiaren adar hori ez datorrela Mungiatik–, iruditzen zaidan bezain goxoa: ia galiziar guztiek ulertzen dute beren hizkuntza, eta hamarretik bederatzi ei dira berba egiteko gai, baina ohiko jardunean nagusiki galiziera erabiltzen dutenen portzentajea %61etik %39ra jaitsi zen 1992 eta 2004 bitartean. PPren azken urteotako politiketatik ezin hobekuntzarik espero, hurrengo neurketa egiten denerako. Eta Fraga Mandian epaile dekano ohiari epaiketa galtzeak eragingo zion haserrea ez da aski kontsolamendu niretzat.
Izorra dadila hala ere, qué carallo.
Unai Brea Gonzalez kazetari berangoztarrak Euskal Herrian Euskaraz taldearen blogean pasa den astelehenean argitaratutako artikulua