Norbanakotik kolektibora jauzi egiteko "zukuan" murgildu ziren udaran zehar 200 herritako 800 neska-mutil inguru, eta egindako hausnarketak gainontzeko gazteekin partekatzeko ordua iritsita, guztien artean Euskal Estatu Sozialista lortzea helburu izango duen gazte antolakunde berria eratzeari ekin diote. Martxoaren 2a bitartean burutuko dituzte eztabaidak eta Uribe Kosta eta Erandion ere horretan dabiltza. Egun horretan kongresu baten bidez sortuko dute gazte erakundea. Martxoaren 29, 30, 31 eta apirilaren 1ean, berriz, gazte antolakundea berriaren jaiotza jaialdia, Gazte Danbada, ospatuko dute. Bertan, ohiko gazte topaguneetan bezala, gazteak "elkartu eta auzolanean eztabaidatu, gozatu, ikasi, elkartrukatu eta sortzeko aukera" izango dute, prozesu eratzaileko kideek zabaldu dutenez. Besteak beste, tailerrak, hitzaldiak, mahai-inguruak, antzerkiak, kale animazioa eta kontzertuak izango dira.
Algortako esperientzia
Algortako eztabaidan ari diren neska-mutilek aurrekoan zabaldu zutenez, "gazte antolakunde baten beharra dagoela argi dugu, orain zer nolako antolakundea nahi dugun, zehaztu behar dugu. Hortik izena beraren izana ere. Norbanakotik (zuk, gutako bakoitzak) kolektibora (gu, osatzen dugu). Guztion ekarpena beharrezko baita benetako gazte antolakunde anitz eta zabal bat osatzeko, guztion zaporea eta guztion grina. Baina, ez hori bakarrik, izan ere, kolektibo garen heinean, gazte modura kezka, arazo eta bizi ikuspegi propio bat dugulako, prozesua berak geuretzat ere aberasgarria izango da (gozatu, ikasi, landu, eztabaidatu, partekatu, harremandu…ko garelako)".
Algortan irailaren 29an jarri zen martxan gazte Zukgua eta orain arte prozesuak barnebiltzen dituen hiru blokeetako bi landu, eztabaidatu eta partekatu dituzte herriko hainbat gaztek. Lehenengo blokean, egoeraren azterketa orokorra landuta, "sistema kapitalista patriarkarraren basakeria aztertu eta basakeriaren aurrean antolatzea beharrezkoa dela ikusi dugu", parte-hartzaileek nabarmendu dutenez. Bigarren atalean, ziklo politikoaren irakurketaren bidez, egun Euskal Herrian bizi den egoera politikoan identifikaturiko arrisku eta aukeren aurrean "gazteok dugun arduraz jabetu eta ardurari neurriko erantzuna emateko konpromisoan berretsi gara", azaldu zutenez.
Azkenean, "hirugarren urratsa" ere eman zuten, "urratsik garrantzitsuena, gazte estrategia zehaztea baita prozesuaren eginkizuna". Hau da, gazte estrategiaren izaera, helburuak eta antolakundearen izaera, funtzioak, garatu beharreko ildoak eta funtzionamendua erabakitzeko ekarpenak egin zituzten abenduaren bukaeran. Horretarako, "herriko gazte abertzale eta ezkertiar guztion parte hartze eta ekarpena" beharrezkotzat jo zuten "gazte antolakunde anitz eta koloretsua" sortuko bada. "Herrian sortu dugun gazte mazedonian fruta guztiek kabida dutelako" animatzera eta "zukgutzera" deitu zuten.
Gazte Danbada jaialdiko kantuaren bideoklipa (© Iheskide eta Nerea Sanchez - Gazte Danbada)