Nazio ginkanaren funtzionamendua
Ginkanak kanporaketa moduan planteatzen dira eta taldeka jokatuko dira. Joko bakoitza ondo egin ostean, pista bat jasoko du talde bakoitzak, pista horrek beste leku batera eramango du eta bertan beste joko bat proposatuko zaio. Jokoa burututakoan, beste pista bat jasoko dute berriro, horrela lekukoa aurkitu arte. Talde irabazlea proba guztiak lehenago amaitzen dituen taldea izango da.
Antolakuntzaren oharrak
• Herri bakoitzeko talde bat, gutxienez, ateratzea da gure asmoa. Parte-hartzea zabala eta irekia izango da. Edonork har dezake parte. Herri bakoitzak parte hartuko duen talde kopurua muga dezake eta, adibidez, taldeak izen-emate ordenaren arabera onartu.
• Izen-ematea AEKren euskaltegietan egingo dugu, urtarrilaren 26ra bitartean.
• Taldekide kopurua mugatua izango da, 8 kidekoa asko jota (ahal dela taldeek gizon-emakumez osaturiko taldeak).
• Talde bakoitzak izena ematerakoan, 40 euro ordainduko ditu sortuko diren gastuei aurre egin ahal izateko. Partaide bakoitzari kamiseta bana emango zaio, kamisetak kolore ezberdinetakoak izango dira, taldeak bereizi ahal izateko.
• Ginkanak eskualdeka egingo ditugu. Otsaileko asteburuetan egingo genituzke aurre-kanporaketak. Eskualde bakoitzak erabakiko du noiz egin, bakoitzak bere egutegiaren arabera.
• Ondoren, martxoaren 2-3an edo 9-10ean, Herrialdeko kanporaketak egingo genituzke; eskualde bakoitzetik talde bat igaroko litzateke fase honetara, eskualdeko ordezkari gisa.
• Finalean, herrialde bakoitzeko talde batek hartuko du parte. Final hori Korrikaren amaierako jaian jokatuko dugu, hau da, martxoaren 24an Baionan. Honen ostean, sari banaketa izango da.
Arauak
• 8 partaide izango ditu talde bakoitzak.
• Proba egin eta pista jasotzeko, taldekide guztiek egon beharko dute.
• Ez da pista emango proba ondo amaitu arte.
• Talde irabazlea izango da proba guztiak eta ibilbide osoa lehen amaitzen duena.
• Taldekide guztiek eraman beharko dute oparitutako kamiseta.
Lekukoaren Bila ginkanaren deialdi-bideoa (© AEK)
Korrika 18ren bideoklipa (© Esne Beltza - AEK)