Berango, Erandio eta Leioako Udalek baino ez dute bultzatuko Aldundiaren D ereduaren aldeko kanpaina

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urt. 17a, 18:33

Bizkaiko Foru Aldundiak eta lurraldeko 36 udalerrik euskarazko hezkuntza ereduaren aldeko informazio kanpaina jarri dute martxan, eta 2013-2014 ikasturteko aurrematrikulazio kanpainan umeak lehen aldiz matrikulatzen dituzten gurasoen artean egingo da. Alkarbide Bizkaiko Euskara Zerbitzuen Bilguneak koordinatuta, 2 eta 3 urte arteko seme-alabak dituzten 7.000 familiari zuzenduko zaie kanpaina. Kanpainaren arduradunek adierazi dutenez, duela lau urtetik "D bitamina, Aberastu bere heziketa!" egitasmoa abian jarri da Bizkaiko hainbat udalerritan, eta aurten ere lurraldeko 21 udalerri eta bi mankomunitatek elkarlanean burutu dute ekimena. Urte hasieran zabalduko dute informazio-kanpaina, 2 eta 3 urte arteko umeen eskolatze-aldia hasi baino zertxobait lehenago, gurasoek bidalitako informazioaren inguruan hausnarketa egiteko astia izan dezaten. Aurten, ordea, Uribe Kostako Mankomunitatea ez da sustatzaileen artean izango; ezta Getxoko Udala ere, aurreko urteetan bezala. Erandio, Leioa eta Berango bai. Mankomunitatean egon arren, azken udal hori ez dago euskara arloan mankomunatuta. Argazkian, hainbat neska-mutil ipuin kontalari saio batean / © Barrikako Udala.

Alkarbidek koordinatu duen ekimen honetan 7.000 liburuxka inguru banatuko dira kanpainan parte hartu duten udalerrietan. Aurten, gainera, kanpainari buruzko iritzia jasotze aldera, inkesta bat ere bidaliko zaie hartzaileei; inkesta horren bidez, kanpainari buruzko iritzia emateaz gain, gurasoek euren kezka eta zalantzak ere helarazi ahal izango dizkiete euskara zerbitzuetako arduradunei. Inkesta betetzen duten guztien artean euskarazko produktuen sorta zozkatuko da. Umeak eskolan lehen aldiz matrikulatzen dituzten gurasoei D ereduari buruzko informazioa ematea eta eredu hori aukeratzeko arrazoiak azpimarratzea dira kanpainaren helburuak.

Parte-hartzaileak

Parte-hartzaileei dagokienez, 21 udal eta bi mankomunitate dira; beraz, guztira, 36 udal: Abanto-Zierbena, Arrieta, Arrigorriaga, Balmaseda, Basauri, Berango, Bilbo, Enkarterriko Mankomunitatea, Erandio, Etxebarri, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Gordexola, Leioa, Mungia, Muskiz, Ortuella, Sestao, Txorierriko Mankomunitatea, Urduña, Zaldibar eta Zierbena.

Kanpainaren osagarri nagusiak lau dira: udaleko ordezkariren batek sinatutako gutuna, euskarazko ereduetan ikasteak dakartzan abantailen berri ematen duena; gutuna bidaltzeko gutunazala (gutunazalaren beraren barruko aldean agertzen dira D eredua aukeratzeko arrazoiak); eskolan hasiko diren neska-mutilentzako oparia; gurasoek kanpainari buruz duten iritzia eta gaiaren inguruan dituzten kezkak eta zalantzak jaso ahal izateko inkesta.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun