Aitor Furundarena ere ez da atzean gelditu. Irakaslea, akordeoilari eta goi-mailako musikagilea da. Donostian, Parisen eta Kopenhagen egin ditu musika ikasketak. Interprete gisa, musika garaikidean, tradizionalean eta dantzarako musikan sakondu du batez ere. Grabazio askoren egilea da eta talde askotan jo du (Faltriqueira, Patxi Kaleko, Amaia Zubiria, HF, AIKO, Pantxoa eta Peio, Txomin Artola, Larraitz Ugartemendia, klake dantzariak...). Moldatzaile eta musikagile gisa, ETBko "Betizu", "Sorginen Laratza", "Triki traka triki tron", "Izar gazte bila", "Sikofonia" eta "EKO" saoietan aritu da. Antzerki munduan ere, "Kutsidazu bidea, Ixabel" eta "Kaukasiar Kreazko Borobila"-n eman du berea. Zinemagintzan, "Olentzero" eta "Betizuak izar artean" filmetan egin du lan. Gaur egun Ganbera, Transkripzio Herri Musika eta Bat-batekotasun irakaslea da Musikene Euskal Herriko Goi-mailako Musika Ikastegian.
Larunbat honetako errezitaldian eskainiko duten egitarauaren barruan, Astor Piazzolla, Phil Cunningham, Sabin Bikandi eta bikotearen beraren obrak joko dituzte. Kontzertu horren ondoren, hil honen 26an, larunbata, Jose Maria Gonzalez eta Anus Cividianek osatutako kantu eta piano bikotearen errezitaldia izango da. Goio Gutierrez Cuarteto izeneko rock progresiboko taldeak otsailaren 2an joko du; Andrea Duca bibolin eta Luminita Duca, piano-joleak otsailaren 9an eta Jeronimo Martin Sexteto jazz bandak, otsailaren 16an.