"Faxismo gehiagorik ez! Ez Grezian, ez hemen, ez inon!" lelopean, elkarretaratzea egingo dute etzi, larunbata, Bilbon. Hitzordua Bizkaiko hiriburuko Kale Nagusiko 33. atariaren aurrean, Europar Parlamentuak duen bulegoaren aurrean, alegia, jarri dute, arratsaldeko 6etan. Protestaren xedea Greziako Egunsenti Urrekara alderdi neonazia eta bere ideia arrazistak eta homofoboak salatzea da, Greziako mugimendu antifaxistek
Atenasen eta nazioartean deitutako elkartasun egunarekin bat etortzeaz gain. Besteak beste, Ingalaterra, Eskozia, Irlanda, Frantzia, Austria, Herrialde Katalanak, Polonia, Errusia, AEB eta Australiako hainbat hiritan protestak izango dira larunbatean. Gauzak Horrela, Sare Antifaxistak euskal ekarpena egitera deituta, hainbat kolektibok deialdiarekin bat egin dute. Besteak beste, SOS Arrazakeria, Askapena, CNT Euskal Herria, Euskal Herriko Mumiaren Lagunak, HNT, Gazte Komunistak, Eusko Lurra Fundazioa, Lau Haizetara Gogoan eta Komite Internazionalistek bertaratzeko deia egin dute. Argazkian, Liskar bat Greziako Egunsenti Urrekara alderdi neonaziaren zaleen eta anarkisten artean Tesalonika hirian, 2002an / cc-public domain Antepithesh.net.