Bere semearen Plentziako institutuko lau ikaskide ohien kontrako salaketa aurkeztu dute Urdulizko aita-ama batzuek, 12 urteko mutila jazartzen zutelakoan.
"El Correo Español" egunkariak zabaldutakoaren arabera, autobusean bertan jasaten zituen erasoak gazteak. Hala eta guztiz ere, autobuseko arazoak konpontzea lortu zuten, gidariak esku hartu zuelako eta ustezko erasotzaileen gurasoekin hitz egin zutelako. Baina ikaskideek mutikoari eraso egiten jarraitu omen zuten, jantokian, atsedenaldian eta gimnasia eskoletan. Hori horrela, haurrak atsedenaldian liburutegira joatea erabaki zuen, eta etxekoei eskolara ez zuela joan nahi esaten zien, aipatu egunkariak argitaratu duenez. DBHko lehenengo mailako ikaslea beste eskola batera aldatuta ere, jazarpenak bere horretan jarraitu du, "El Correo Español"-ek gaineratu duenez. Ikaskide ohiek biktima inguratu eta, helduta zutela, iraindu eta mehatxatu egin ei zioten Sopelako institutuko jolastokian. Iturri berberen arabera, haurrak antsietate krisiak izan ditu erasoengatik eta Gurutzetako ospitalean artatu behar izan ditu behin baino gehiagotan. Gainera, depresioaren kontrako tratamendua jarri diote. Argazkian, eskola jazarpen gertaera bat artxiboko irudian / cc-by-sa
Chesi-Fotos CC.