Gazte 1+Ez! plataformaren ustez, "Urteetan estatu espainiarrak errusiar erruleta aktibatua izan du; gazte independentista eta ezkertiar izanagatik edozein gaztek egoera hau bizi behar izan du: jazarria, atxilotua edota kartzelaratua izateko arriskua. Hain zuzen ere, zilegi ez ezik, legezkoa izan beharko lukeen jarduera politiko batengatik". Horregatik, "Euskal Herrian benetako bake agertokia eta irtenbide demokratikoa lortzeko urratsak ematen ari diren garai honetan", hori bezalako egoera larriak ez dituzte ulertzen, "ezta haiekin bat etorri ere, eta bide horren aurkako logikan kokatuta daudela" uste dute. "Erruleta berarekin epaitu dira gazte hauek, epaiketa guzti hauek jatorri politikoa duten epaiketak dira. Ez dago defentsa juridikorik militantzia politikoa epaitzen den bitartean", gaineratu dute.
Azken urteetan Euskal Herrian bizi izandakoaren ondorioa da egungo egoera, "eta
nahiz eta gatazkaren konponbidean urrats sendoak eman diren, oraindik orain, euskal herritarron eskubide zibil eta politikoak urratuak daude", gogoratu dute protesten deitzaileek. Ildo horretan, gazteei ez ezik hiritar guztiei horren aurka Bilbon edota Donostian agertzera gonbidatu dituzte. Izan ere, "gazteriak urraketa hau zuzenean jasan badu ere, egoerak herritar guztioi eragiten digu. Jendartearen zati baten eskubideak urratuak badaude, hori jendarte osoaren demokrazia ezaren sintoma argia da. Horregatik, injustizia hauek salatzea denoi dagokigu".
Kondenatutako bost gazte oarsoaldetarretatik hiruk ezkutatzea erabaki dutela iragartzeko grabaturiko bideoa (© Oarsoaldeko Gazte 1+Ez!)