Azaroa eta abenduan zehar Bilduk prozesu parte-hartzaile berria burutu zuen Leioan herritar zein elkarteekin. Aurkeztutako 83 zuzenketetako 21 prozesu horren emaitza dira. Urtarrilaren 16an, baina, "ustekabe desatzegina" izan zuten. "Gobernu Taldeak jakinarazi zigun zuzenketa guztien kontra bozkatuko zuela eta ez zituela kontuan hartuko ez eta eztabaidatuko ere, 17an aurkeztu beharrean urtarrilaren 18an aurkeztu zirelako. Nahita alboratu zuten abenduaren 17ko epeak ez zuela prozedura betetzen, inolako kasurik egin gabe orain azaldutako gure argudioei", azaldu du koalizio independentistak. Hala eta guztiz ere, "isolamendu estrategia honek hasieratik porrot" egin duela ohartarazi du Bilduk. "Zerbait argi dugu, gure udal taldeak oin bat erakundean eta bestea kalean duela egiten du lan, Leioan hilabete eta erdiz burututako prozesu parte-hartzaileak erakutsi duen moduan", diotenez.
Leioako Bilduk zabaldutako oharra:
Leioako Bilduren Udal Taldeak salatu nahi du Udal Gobernuak 2013ko aurrekontuen eztabaidan izan duen jarrera eta bere joko zikina. Azaroa eta abenduan zehar Bilduk prozesu parte-hartzaile berria burutu du Leioan herritar zein elkarteekin. Aurkeztutako 83 zuzenketetako 21 prozesu horren emaitza dira.
Azaroaren 27ko Ogasun Batzordean Gobernu Taldeak bere aurrekontu proiektua aurkeztu zuen, horien prozedura zehaztu eta abenduaren 11 ezarri zen zuzenketak bidaltzeko epe-muga. Bilduk kontra egin zuen, uste baikenuen 2 asteko epean ez zegoela proposamenak aurkezteko berme eta denbora nahikorik.
Urtarrilaren 16an ustekabe desatzegina izan genuen. Gobernu Taldeak jakinarazi zigun zuzenketa guztien kontra bozkatuko zuela eta ez zituela kontuan hartuko ez eta eztabaidatuko ere, 17an aurkeztu beharrean urtarrilaren 18an aurkeztu zirelako. Nahita alboratu zuten abenduaren 17ko epeak ez zuela prozedura betetzen, inolako kasurik egin gabe orain azaldutako gure argudioei.
Abenduaren 17ko data berria, Gobernu taldeak hartutako erabaki unilaterala da. Ogasun Batzordeko buru den Idoia Blasco (EAJ), nahiz eta batzorde bateko erabakia aldatzeko inolako eskumenik ez izan, aldebakarreko erabaki baten bitartez eta aurretiko inolako jakinarazpenik gabe, batzordeak jarritako epeak aldatzen ditu. Abenduaren 17a ezartzen du zuzenketak aurkezteko data berria eta birritan aldatu du horiek eztabaidatzeko batzordearen data; azkenean urtarrilaren 16an izanik.
Batzordean adostutako prozedura jarraituz gero, zuzenketa guzti-guztiak aurkeztu dira epez kanpo. Baina arazoa ez dira epeak, arazoa da EAJ-EBk ez duela inolako interesik eztabaidatzeko gure proposamenen edukia eta leioaztarren ekarpenak.
Bestalde, ustekabean, edozein logika motari kontra eginez, Gobernu Taldeak Erakunde Autonomiadunen bilerak deitzen ditu zuzenketak aurkezteko epe “berriaren” ondorengo datetan. Hau da, prozedura perbertituz zuzenketak aurkez ditzagula nahi dute, 2 milioi euro ingurukoak diren erakunde horien aurrekontuen xehetasunak ezagutu gabe.
Ikusirik prozedura hainbatetan betetzen ez dela, bat-bateko erabakiak hartzen direla eta inolako bermerik ez dagoela, abenduaren 17an Bilduk Udalari erregistroaren bidez jakinarazten dio zuzenketak 17an beharrean 18an aurkeztuko dituela, Euskararen erakundearen bileraren ostean, eta ez du inolako erantzunik jasotzen.
Iaz gertatutakoaren alboratuz, oraingoan Gobernu taldeak ezohiko malgutasuna izan du PSE eta PPren zuzenketak onartzeko orduan. Onartutakoa ikusita, oso zaila izango zen azaltzea zergatik onartzen dituzten beraien zuzenketak eta ez Bildurenak, zenbait kasutan adostutakoaren ildo berean daudenean.
Helburua argia da, hobe gutxiestea edozein aitzaki erabilita, gure zein herritar eta Leioako elkarteen proposamenak eztabaidatzea eta egiaztatzea baino. Hala ere, isolamendu estrategia honek porrot egin du hasieratik. Zerbait argi dugu, gure udal taldeak oin bat erakundean eta bestea kalean duela egiten du lan, Leioan hilabete eta erdiz burututako prozesu parte-hartzaileak erakutsi duen moduan.
Azkenik, era berean, talde sozialistaren eta popularraren jarrera salatu nahi dugu. Ez dugu ulertzen zelan den posible oposizioko bi taldek azpijoko bera erabiltzea gure zuzenketak kontuan ez hartzeko eta ez eztabaidatzeko, epez kanpoko argudio bera erabiliz. Uste dugu PSE zein PPk oposizioko talde gisa duten erantzukizunaren utzikeria egin dutela, edo agian merituak egiten ari dira Udal Gobernuan koalizioan sartzeko, edo bestelako maila batzuetako aurrekontuen negoziazioekin bat egin nahi dute.