"Algortako herria elkarlanean eraikiz" leloari jarraituz, "kaleak berreskuratzeko" ekintza desberdinak planteatu dituzte
Algortako Gazte Asanbladako kideek. "Algorta berpiztu behar dugula argi dago. Beraz, kale ilun hauei kolorea eman behar diegu eta, era honetan, gure arteko erlazioak piztu, herri sentimendu hori aurrera eramateko", azaldu dute AGAkoek. Gainera, "gaur egungo eredu kapitalistak bultzatzen duen kontsumismo amorratuari alternatiba bat bezala", larunbat honen, urtarrilak 26, azoka egingo dute Telletxe plazan, 10:00etatik 14:00etara. Aipatu gunea "eremu zabal" bihurtu nahi dute egun horretan, non pertsona orok izango duen bere produktuak saltzeko edo trukatzeko aukera, "gehienetan ekoizle-sortzaile hauek ez dutelako espazio propiorik". "Beraz egin dezagun egun hau ahaztezina, eta bihurtu dezagun Telletxeko plaza azoka erraldoi bat!", amaitu dutenez. Bere produktuak saltzeko postutxo bat jarri nahi duen guztiak Algortako Gazte Asanbladarekin kontaktuan jarri daiteke ondoko e-posta helbidearen bitartez:
sastrakagaztetxea[abildua]hotmail.com. Argazkian, aurreko batean AGAk egindako truke azoka.