Mikel Urriz eta Jose Angel Torre Erandioko Hegoalde kultur elkarteko kideak eta Iñaki Duñabeitia auzoko jai batzordeko presidentea otsailaren 5ean epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, "terrorismoa goratzea" egotzita. Fiskalak 18 hilabeteko kartzela zigorra eta 8 urteko inhabilitazioa eskatzen du bakoitzarentzat, 2011ko San Agustin jaietako
liburuxkan agertutako iragarki batengatik. Publizitatean, besteak beste, Ekin erakunde politiko ilegalizatutako kidea izatea leporatu zioten eta Hegoaldeko bi bazkideren alaba den Erika Bilbao preso ohiaren argazkia, Arrano Beltza eta "Erika maite zaitugu" eta "Euskal presoak etxera!" leloak agertzen ziren. 2012ko urtarrilaren 9an bere aurrean deklaratu ostean, Fernando Grande-Marlaskak erabaki zuen hasierako bost auzipetuetatik biri akusazioa bertan behera uztea. Argazkian, Itzubaltzeta / Romoko kaleak zeharkatu zituzten 150 bat lagunek. Ibilbidean zehar, tortura, errepresioa eta epaiketen aurka azaldu ziren manifestariak, beste beste, hiru erandioztarrei elkartasuna adierazteko.