Hamahiru lagun epaituko dituzte asteazken honetan, hilak 23, Bilboko Auzitegian, 2008ko urtarrilean Leioa eta Erandioko campusean Bolognako prozesuaren aurka izandako protesten harira,
Naiz.info agerkari digitalak zabaldu duenez. Irailaren 26an epaitzekoak ziren, baina egun horretako Greba Orokorraren eraginez bertan behera utzi behar zuten epaiketa. Izan ere, agente judizialak ez ziren bistara agertu. Hamahiru ikasleetatik hiru ere ez ziren azaldu. Gauzak horrela, epaiketa urtarrilaren 23ra arte atzeratzea agindu zuen epaileak. Ikasle Abertzaleak (IA) erakundeak azaldu duenez, lau hilabeteko espetxe zigorra jarri nahi diete, desordena publikoa egotzita. 2008ko egun hartan, klaustroa eten zuten hainbat ikaslek. Istiluak izan ziren protestaren harira, eta, ondorioz, hamahiru ikasleak auzipetu egin zituzten. Ertzaintzaren oldarraldia salatu zuten ikasleek orduan, eta salaketa hori berretsi zuen IAk. Ikasle Abertzaleek babesa agertu diete ikasleei, epaiketa bertan behera uzteko eskatu, eta EHU bera jo dute epaiketa horren erantzule nagusi, "EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak baimendu baitzuen Ertzaintza campusean sartzea eta ikasleen kontra oldartzea". Argazkian, Bolognaren kontrako manifestazioa Leioa eta Erandioko campusean, artxiboko irudian.