Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna kolokan

Mantso hasi dira Gobelako lanak Errekaganen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urt. 22a, 12:18

Atzo, astelehena, goizean abiatu ziren Gobela ibaiko lanak Errekaganen. Bi beharginak bertako Arenas Futbol Taldea parkean itxiera egitura bat eraikitzeari ekin zioten, lanetan langileek eta makineriak eremu propio izango duten tokia hesituz. Izan ere, ostiralean Imanol Landa Getxoko alkateak eta Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak iragarri zutenez, lanak hasi eta lehenengo hiru hilabeteetan ez dute makina askorik sartuko eta ez da eragozpen handirik izango auzotarrentzat, estolderia, telefonia sareak, ur eta elektrizitate tutuak zein bestelako azpiegiturak lanek hartuko duten eremutik lekuz aldatzea izango baita lehenengo helburua. Halere, Gobela ibaia Leioako zubia eta Valdes gainezkabidearen arteko 762 metroetan zabaltzeko eta estaldura kentzeko obrak 14 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du, desjabetzeen kostea zenbatu gabe. Bi urte eta erdi iraungo dute URA Uraren Euskal Agentziaren lanek. Bitartean, Getxoko Udalak Itzubaltzeta gaztetxearekin adostutako hitzarmena jakinaraziko du gaur. Argazkian, behargin bat lanean atzo Errekaganen.

Errekaganeko obra Getxo udalerrian Gobela ibaiaren egokitzapen hidraulikorako eta ingurumena lehengoratzeko gauzatzen ari den proiektuko lanen hirugarren fase barrukoa da eta beren helburua uholdeak izateko arriskua murriztea da. Lanak bi fasetan egingo dituzte.

Proiektu orokorraren hirugarren fasearekin jarraipena emango zaie URAk dagoeneko 2008ko ekainean uholdeek gehien kaltetutako alderdietan, hau da, Negurin, Salsidun eta Zubiletan egin dituen jarduketa garrantzitsuei –lanen %60tik gora dago eginda ibaian–.

Atzo hasi ziren hirugarren faseko lanak "prozesu zail baten emaitza" dira, Udalaren aburuz. Prozesu horretan jasota daude proiektu teknikoaren prestatze eta onarpenetik lanak egiteko beharrezkoak diren lursailen desjabetzeraino, URAri utzi aurretik.

Izan ere, "Gobelako proiektuaren faserik garrantzitsuena" egitea bermatuko da, uholdeak izateko arriskua murriztuz, eta, hortaz, Plentzia Hiriko, Itzubaltzeta / Romo auzoko eta ibaian gorako uretako alderdietako auzokideen segurtasuna areagotuz ere.

Landak ostiralean nabarmendu zuen lanak berehala hasteak ez duela zerikusirik joandako asteartean izandako azken euri zaparradekin. Alkatearen hitzetan, euri zaparradak direnean ibaiaren erantzuna hobetzeko fase erabat funtsezkoa eta erabakigarria da. “Hau da, nahitaezko obra da, erabakigarria, uholde arrisku egoerei segurtasun berme ahalik eta handienak lortze aldera”. Halere, asteartean eta hurrengo egunetan nabarmenak izan dira Gobela ibaiaren inguruko auzokideen kexak.

Estaldura erdira murriztuko dute

Alkateak ohartarazi zuenez bi urte luzeko lanak geratzen dira hirugarren fasea amaitu aurretik eta "proiektua osorik amaitu arte ez ditugula segurtasun berme handienak izango Getxon egun dugun uholde arriskuaren aurrean. Hartara, arriskua dugu oraindik euri zaparradak izanez gero, eta zalantzarik gabe, sufritzea egokituko zaigu". Landak azken lan horiekin batera beste batzuk egitearen beharra azpimarratu zuen, proiektuaren laugarren faseari dagozkionei erreferentzia eginez, Fadurako zubia eta inguruari, alegia. Horren proiektu teknikoa dagoeneko prestatzen ari dira. Auzokideek eta oposizioak Fadurako lanei lehentasuna ematea eskatu ohi dute baina URAk eta Getxoko Udalak beti Errekaganekoen ostean abiatzeko jarrera mantendu dute.

Lanak 762 metro luzeko tartean egingo dira Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak azaldu zuenez. Lanak bi fasetan egingo dituzte. Lehenengoak 18 hilabete iraungo du eta Cristobal Valdes eta Avanzadako zubi artean egingo da –406 metro luzeko tartea–, eta bigarrena Avanzada eta Leioa etorbideko zubi artean egingo da urte batean, 356 metroko luzerako tartea hartuko duela.

Lehen zatian geratuko den ibilguaren zabalera 11 metrokoa izango da, hau da, egungoaren bikoitza.
Bigarren tarteak, bere lehen zatian, 14 metroko zabalera izango du eta bigarrenaren amaierakoa obra lekutik ibaian gora dagoenera egokituko da.

Lanak tarteka egingo dituzte, bi tarteak bananduta, hots, bigarrenekoak lehenengo tarteko lanak amaitutakoan hasiko dituzte. Lanen prozesu osoan oinezkoen eta ibilgailuen sarbideak bermatuko dituzte inguruko etxe guztietan.

"Aipatu proiektuan finkatutako lanen bitartez bide publikoaren eremuen banaketa berria egingo da, batez ere lanak izango diren Errekagane kaleko tartean. Jarduketa horrekin, kiroldegi ondoan egun dagoen oinezkoen bideari eusteaz gainera, Arenas Futbol Taldea parketik datorrenari jarraipena emango zaio, baita bidegorriari ere, egun parkean dagoena Makaletako etorbidekoari lotuz”, zehaztu zuen Arregik.

Ibaiko 80-90 bat metroko tartea estalita geratuko da Errekaganen –egun dagoen tarte estaliaren erdia–, herritar asko bizi den auzoan udal zerbitzuak eman ahal izateko. Proiektuan ingurumenari lotutako neurri zuzentzaileak jasotzen dira ere, birlandatzeari eta faunari dagokienez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun