Atzo, astelehenarekin, Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko metalgintzako LABen delegatuek Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmen Kolektiboaren aldeko protestak abiatu zituzten. Izan ere, goizean hitzarmenaren negoziazioa izan zuten hizpide Algortan egindako asanbladan. Sindikatuak berak jakinarazi duenez, Villamonte kaleko kultur etxean bildutako ordezkari sindikalei hilaren 9an sektoreko patronalari egindako proposamena azaldu zieten. LAB sindikatuko Alberto Gabitu aburuz, testu horrek "oinarrizko edukiak" ditu, hala nola, egungo edukiei eustea; sinatzaileentzako loteslea izatea, patronalak bete behar izatea, alegia; ultra aktibitatea jasotzea, hots, hurrengo hitzarmena sinatu arte bizirik iraungo duen akordioa izatea; eta langileen eros ahalmena handitzea. Halere, FEVEM metalgintza enpresen euskal federazioak LABen proposamenari "emandako erantzun bakarra ezezkoa eta itxikeria" izan dira, zentral sindikalak plazaratu duenez. "Bizkaiko patronalaren jarrera itxi hori ikusita", eta kontuan hartuta uztailean hitzarmena desagertuko dela, LAB mobilizazioak burutzen hasi da. Atzoko elkarretaratzeaz, "mobilizazioz osatutako bidea" abiatu zuten. "Gure alternatiba, mobilizazioaren bidez Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren aldeko borroka izan da eta izango da. Langileoi dei egiten dizuegu borrokaren bidez hainbeste urtetan lortutakoa defendatzera" gaineratu du Gabituk. Argazkian, atzoko elkarretaratzea / cc-by-sa Eskumaldeko LAB.