Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna kolokan

Baldintzak baldintza, etxe merkeetako bat laga dio Udalak Itzubaltzeta gaztetxeari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urt. 23a, 14:42

Astelehen goizean abiatu ziren Gobela ibaiko lanak Errekaganen, uholdeak saihesteko asmoz. Bi urte eta erdi iraungo dute URA Uraren Euskal Agentziaren obrek. Atzo, berriz, Itzubaltzeta gaztetxearekin hitzarmena adostu duela iragarri zuen Getxoko Udalak, eta bertoko neska-mutilak hasi dira pixkanaka erreka ondoko pabilioiak husten. Akordioari jarraituz, Ezequiel Agirre kaleko “etxe merkeetako” bat lagako die Udalak Itzubaltzeta gaztetxeko kideei, "bere jarduera soziokulturala aurrera eraman ahal izateko". Hala ere, hainbat baldintza ezarri dizkie. Batetik, lokal horretan ondoko jarduera hauek soilik antolatu ahal izango dituzte: antzerkia, ikastaroak, hitzaldiak eta bilerak. Ezin izango dituzte hurrengoak egin: musika kontzertuak, musika taldeen entseguak, jaiak, ospakizunak, azokak, taberna edo jatetxe bezala erabili, ezta bazkariak prestatu ere. Ordutegiei dagokienez, hitzarmenak ezartzen du jarduerak Getxoko Kultur Etxearen ordutegi berberak izango dituela, hau da, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 22:00etara. Asteburuetarako edo jai egunetarako ordutegia Udalarekin adostu beharko dute aurretik. “Betebehar horiek betetzen ez badituzte gazteek Udalak utzitako lokaletatik irten beharko dute”, zehaztu zuen atzoko prentsaurrekoan Koldo Iturbe Kultura zinegotziak. Argazkian, astelehenean hasi zituzten lanak Errekagane kalean.

Bestalde, biltegi bezala, Romo herri ikastetxeko beheko udal lokalak erabili ahal izango dituzte Itzubaltzetako neska-mutilek; eta sinatutako hitzarmenean ezartzen da lortutako akordioen jarraipena batzorde misto batek egingo duela. Akordioa lanak amaitu arte egongo da indarrean. "Obrak bukatutakoan eta pabilioiaren erabilerak hala bermatzen duenean, eta beti ere bi alderdiek adostutako hitzarmena osorik betetzen bada, Udalak Itzubaltzeta gaztetxea Errekaganeko pabilioitara bueltatzea errazteko hitza eman du", Iturbek azaldu zuenez. Aldez aurretik, bi alderdiek pabilioiak erabiltzeko hitzarmena landuko dute, "dagoeneko nahiko aurreratu dagoena". Hitzarmen horrek, Iturberen esanetan, "pabilioiak gaztetxekoak bakarrik ez erabiltzeko baldintza jasoko du".

Entsegu lokalak

Itzubaltzeta gaztetxearen alde bakoitzean dauden entsegu lokalei dagokienez, horien erabiltzaileekin ere hitz egiten egon direla ziurtatu zuen Koldo Iturbe Kultura zinegotziak. Batzuek Itzubaltzeta gaztetxeko kideekin lortutako akordioaren arabera jokatuko dute, udal arduradunaren hitzetan. Besteei, berriz, biltegia eskaini zaie Udalak Riff musika dendan daukan entsegu lokala erabiltzeko aukera. Hala ere, Imanol Landa alkateak zehaztu zuen "guzti hori udalerriko musika talde guztiei eskaintzen zaiela".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun