Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 101 udalek Eudelen dirua jartzeari utziko diote helburu eta funtzionamendua “argi” azaldu arte, hainbat hedabidek zabaldu dutenez. Horien artean da Saioa Villanuevak zuzentzen duen Sopelako toki erakundea. EAEko Udalen Elkarteak Bildu “gutxietsi” duela salatu zuen atzo koalizioak, Donostian egindako prentsaurrekoan. Eudelen udal politikaren planteamenduaren inguruko akordioa lortu nahi du Bilduk. Bertan parte hartzeari utzi gabe Udalbiltza indartzea da haien helburuetako bat, prentsaurrekoan adierazi zutenez. Elkarte horrek martxoaren 2an egingo du hurrengo batzarra. Bitartean, erabaki honen aurreko erantzuna eman du Eudelek: “Denbora pasatzen utzi eta onartezina den egoera hori sendotuko dugu". EAJk arrazoia eman dio elkarteari "iritsi berrien inposiziorik" onartuko ez dutela esanez.. Argazkian, Villanueva azalpenak ematen berriki aurrekontuak lantzeko egindako auzo-bilera batean / © Sopelako Udala.