Algortako San Inazioetako Jai Batzordea arduratuko da bigarren urtez herriko Inauteriak antolatzeaz. Haurrei zuzendutako jarduerak otsailaren 8an eta 9an izango dira; eta koadrilentzakoak hurrengo asteburuan. 2012ko Aratusteek utzitako zapore onak animatu ditu Jai Batzordekoak berriro ere antolaketa lanetan aritzera. Hala ere, egon zen gora beherarik iaz: Portu Zaharrean egindako kontzertuetan ezezagunek bost txalupa apurtu zituzten. "Aseguruak bere gain hartzen ez duenez eta Udalak momentuz dirurik ez daukanez, Algortako Jai Batzordeak eta
Itxas Egurra Haizean elkarteak bat egin dugu herritarroi zuon laguntza eskatzeko", adierazi dutenez. Gauzak horrela, "Gure ondarea direlako, ez utzi hondoratzen" lelopeko kanpaina abiatu dute. Batetik, Portu Zaharreko txalupak herritar guztion ondarea direla aldarrikatu eta, horiek zaintzen, Itxas Egurra Haizean elkarteak egiten duen lana goraipatu nahi du Jai Batzordeak. Bestetik, apurtutako ontziak ordaintzeko dirua biltzeko zozketa prestatu dute. Dagoeneko Algortako tabernetan salgai daude bi zenbaki daroaten txartelak, euro baten truke. Saria bi lagunentzako afaria izango da, Getxo Rugby tabernan, Gaztelugatxe kalean. Zozketa otsailaren 16an egingo dute, Inauteriekin batera, Telletxe plazan, goizaldeko ordu bietan. Argazkian, hondatutako txalupetako bat.