Jon Rosales gazte algortarra epaituko dute datorren astean Auzitegi Nazionalean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urt. 23a, 22:36

Jon Rosales Palenzuela gaztea urtarrilaren 28, 29 eta 30ean epaituko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean, beste zortzi euskal herritarrekin batera, "ETAri laguntza ematea" egotzita. Algortarrak 10 urteko espetxe zigor eskaerari aurre egin behar izango dio, Algorta-Getxoko Ezker Abertzaleak zabaldu duenez. "Akusazioan oinarri bakarra, inkomunikazio aldian, basaki torturatuta izan zenean ateratako deklarazioa da", salatu dutenez. Algortako bizilagun izandako Jone Lozano Miranda gatibu leitzarra ere sumario berean prozesatuta dago. Baina, momentuz, ez da epaitua izango gaur egun Frantzian, Lyon-Corbas espetxean, preso daukatelako; bere herritik ehunka kilometrotara. Epaiketa salatzeko hainbat mobilizazio deitu ditu Algorta-Getxoko Ezker Abertzaleak: batetik, epaiketaren lehenengo egunean, hilaren 28an, manifestazioa izango da, 19:30ean Telletxe plazatik abiatuta. Asteartean, berriz, irakurketa eta kontzentrazioa egingo dituzte udaletxean. Izan ere, egun horretan da hilabete honetako udal osoko bilkura, 17:00etan. Azkenik, asteazkenean, hilak 30, manifestazioa (mobilizazio informatiboa) egingo dute Telletxen, 19:30ean. Argazkian, 2012ko martxoaren 23an egin zioten ongi etorria Rosalesi Algortan / cc-by Algortako Herrira.

Jon Rosales Palenzuela gazte algortarra 2012ko urtarrilaren 12an atera zen Alcala Mecotik, 10.000 euroko fidantza ordaindu ostean. Tartean, ia bi urte egin zituen espetxean, 2010eko otsailaren 17an atxilotu baitzuten Katalunian. "Jon basatiki torturatu egin zuten, salaketa jarri zuten, abokatuek ere jasandako torturak ikaragarriak zirela adierazi zuten, Madrileko epaitegian ere berretsi egin zuen tortura salaketa… baina orain arte tribunalek ez dute ezer egin tortura kasu honetan", salatu zuen bere garaian Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.

Rosales 2011ko irailaren 19tik 22ra ere epaitu egin zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean, Uribe Kostako beste hamar mutilekin batera, kale borroka taldea osatu eta 2004tik 2007ko uztailera bitarteko hamar ekintza inguru leporatuta. Egun Soriako espetxean daukaten Josu Rodriguez eta Mikel de Gregorio gazte algortarrak izan ezik, gainontzekoak absolbitu egin zituzten. Ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenak De Gregoriori ezarritako lau urteko espetxe zigorra bertan behera utzi eta Rodriguezi, aldiz, lau urtetik hirura murriztu zion zigorra, haietatik bi hilabete eta bost egun bete zituen 2007an. Josu Rodriguez 2012ko ekainaren 30ean atxilotu zuten berriro.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun