Digitalizazioak adierazpen artistikoen estandarizaziorako bidean lagunduko zuela zirudien arren, mehatxu hori ez da egi bihurtu. Arlo, diziplina eta jatorri guztietako artistek, teknologia ulertu, aztertu, bihurtu, eraldatu eta etxeko bilakatzeari ekin diote. Hain da zabala proposamen eta estrategien aniztasuna, nekez adierazi daitekeela bere osotasunean. "Bide zabalak" erakusketak, EHUko Arte Ederren Fakultateko sormen ingurua eta helburua partekatzen duten hamar artistaren lanak aurkezten ditu. Beraien obrak, testuinguru zein erreferentzia hurbil eta komunetatik jaio badira ere, norabide guztietara jotzen dute bortizki.
EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasle eta irakasleak diren Augusto Zubiaga, Mariana Martin Zumarraga, Xabier Idoate, Silvia Ruiz, Jabier Villarreal, Silvia Abella, Maialen Arocena, Patxi Araujo, Xabier Barrios eta Izaskun Etxebarriaren lanak osatzen dute erakusketa hau.