Antolatzaileek eman dituzten datuen arabera, jaso diren 423 pelikulen artean 85 izan dira aukeratuak egitarau ofizialean parte hartzeko. Horien artean, 17 izango dira film luzeak, 8 dokumentalak, 43 film laburrak eta 11 labur-esperimentalak. Gainera, aurten 6 antzezlan programatu dituzte, tartean, Bilborcken otsailaren 10ean ikusgai izan den “Cuando Martina encontró su historia”, bost urtetik gorako umeei zuzendutako lana, Zinegoak eta Mauma Elkartearen arteko lanaren fruitua den ekoizpena. Antolakuntzatik nabarmendu nahi izan dute 8 izan direla aurten Euskal Herritik jaso diren lanak eta horietatik 3 euskaraz eginikoak direla. “Oso datu esanguratsua da guretzat. Izan ere, ezin dugu ahaztu jaialdiaren helburuetako bat zinemagintza sustatzea dela gurean. GLBT gaia jorratzen duten Euskal Herrian egindako pelikulak topatzea oso zaila gertatzen bada, euskaraz eginikoak aurkitzea ia ezinezkoa egiten da eta, beraz, oso pozik gaude zentzu horretan, gure lanak bere fruitua badaukala “, adierazi du Bea Majuelo jaialdiko komunikazio arduradunak.
Hasiera gala eta ohorezko saria
Zinegoen hasiera ekitaldia urtarrilaren 31ean izango da Arriaga Antzokian, 20:00etan, Nia Acosta eta Josean Bengoetxeak aurkeztuko duten galaren bitartez. Bertan, Ohorezko Saria emango zaio Gaël Morel zinegile frantsesari, “bere lanaren kalitate artistikoagatik, duen konpromezu sozialarengatik eta zinemagintzan bai antzezlari moduan baita zuzendari moduan ere duen ibilbidearengatik”, esan du Pau Guillén zinemaldiko zuzendariak. Jaialdian zehar “Notre Paradis” bere azken film luzea ikusi ahal izango da dohainik.