Euskal Herriko Mus Txapelketaren lau kanporaketa jokatuko dira asteburuan eskualdean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urt. 24a, 19:12

Pasa den larunbatean Leioako kanporaketa parte hartzaile kopuru urriagatik bertan behera utzi ostean, asteburu honetan jokatuko dira Euskal Herriko V. Mus Txapelketaren lehenengo lau saioak Uribe Kostan. Hordagozaleen nazio kirolean lasterrenak lehiatzen sopeloztarrak izango dira. Frontoiko tabernak arratsaldeko 4etatik aurrera hartuko ditu jokalariak. Halere, bertan aritu ahal izateko aurretik izena eman beharko da honako tabernaren batean: Laiak, Erroia, Lurren, Mikelats edo Frontoia bera. Zerrendetan inskribatzeko azken eguna bihar da. Sopelan baino ordu erdi beranduago arituko dira algortarrak Abian kultur elkartean. Hurrengo egunean, igandean, Itzubaltzeta / Romoko kanporaketa izango da, 16:30ean, Branka kultur elkartean. Ordu berean hasiko dira partidak Berangoko Txokoa tabernan ere. Algortan, Itzubaltzeta / Romon zein Berangon parte hartzeko nahikoa izango da jarritako hitzordura agertzea. Lau herrietan sailkatuko direnak Bizkaiko herrialde mailako finala jokatu beharko dute Lekeition datorren otsailaren 23an. Nazio finala, ordea, Arabako Agurain herrian burutuko da, martxoaren 9an. Argazkian, Unai Goikoetxea eta Koldo Ortiz de Ginea "Poio" Bizkaiko finalerako sailkatu ziren iaz Itzubaltzeta / Romon jokatu zen Getxo udalerriko kanporaketan.

Muslari kopurua goraka

2009ko Euskal Herriko V. Mus Txapelketan, 1.120 bikotek hartu zuten parte eta handik aurrera gorantza joan da urtero, 1.800, 2.200 eta 2.250 bikote izan direla, hurrenez hurren. Iaz, Euskal Herriko zazpi probintzietako 250 herritan baino gehiagotan jokatu zen nazio txapelketa. Izen-emateak 20 euro kostatzen du bikoteko eta 45.000 euro banatuko dira saritan.

Txapelketaren faseak

Herrietako kanporaketak

• Herriz herri antolatuko dira lehen kanporaketak, gaurtik hasi eta 2013ko urtarrilaren 31 arte.

• Txapelketan edonork parte hartu ahalko du, bere herrian nahiz bertan antolatzen ez bada ingurukoren batean. Horretarako museko bikotea izan eta bikoteko 20 euro ordaindu beharko ditu lekuan bertan.

• Parte hartzean oinarrituriko ordezkaritza joango da herrialdeko kanporaketara.

• Herriko mus kanporaketa onartzeko gutxienez lau bikotek parte hartu behar dute.

• 4 bikotetik - 10 bikote arte, bikote bakarra herrialdera; 11 bikotetik - 18 bikote artean, bi bikote herrialdera; 19 bikotetik – 25 bikote artean, hiru bikote herrialdera; 26 bikotetik aurrera: lau bikote herrialdera. Ordezko bikote baten kontaktua ere bidali beharko da badaezpada ere.

Oharra: Herrialde bakoitzeko antolakuntzak, sailkatu kopurua orekatzeko eskubidea eta bete beharra izango du. Herrialde edo herri bakoitzari dagokion bikote partaidetza gainditzen denean, herrialde bakoitzeko antolakuntzak herri nahiz eskualde mailako kanporaketak antolatzeko ahalmena izango du, herrialde mailako ordezkaritza orekatzeko helburuarekin.

Herrialde mailako kanporaketak

• Zazpi herrialdetan egingo dira kanporaketak. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Garaia, Behe Nafarroa eta Zuberoan hain zuzen.

• Kanporaketa egunak eta xehetasunak, webgunean zehaztuko dira. Baina aurreratu dezakegu herrialdeetako kanporaketak 2013ko otsailaren 23an izango direla.

• Finalerako pasea: Herrialde bakoitzetik gutxieneko ordezkaritza bat finkatuko da eta gainerako parte hartzearen arabera finkatuko da. Adibidez: 2012ko txapelketan Arabatik 16 bikote sailkatu ziren, Bizkaitik 16 bikote, Nafarroa Garaitik 32 bikote, Gipuzkoatik 32 bikote, Lapurditik 14 bikote, Behe Nafarroatik 12 bikote eta Zuberoatik 4 bikote.

Nazio mailako finala

• Agurainen (Araba) burutuko da, 2013ko martxoaren 9an. egun osoko festa izango da, bazkari eta musikaz lagundurik.

Sari nagusiak

45.000 euro baino gehiagotan baloraturiko sariak.

Herri mailan

• Parte hartzaile bakoitzak ardo botila bat jasoko du oroigarri gisa.

• Horrez gain herrialderako sarrera eta herri bakoitzean jarri ohi diren sariak biltzen
saiatuko dira tokiz toki.

Herrialde mailan

• Herrialdeko txapelak eta garai ikurrak daude jokoan. Zehazki 7 bikotek jantziko dituzten 14 txapel.

• Gainera, lau pertsonentzako relax asteburuak Atxaspi Hotelean, bazkariak, afariak, Euskal Herriko produktuekin osaturiko saskiak eta Arabar Errioxako ardo loteak ere banatuko dira lehen sailkatuen artean.

• Horrez gain, finalerako sarrera eta herrialde bakoitzean sari bereziak banatuko dira irabazle eta parte hartzaileen artean.

Final nagusiko sariak:

• Bikote txapeldunak: Garai ikurra eta txapela, 3.000 euro esku dirutan eta nazioarteko bidaia (Karibera bidaia dena barne) 4 lagunentzat, Eroski Bidaiak-en eskutik.

• 2. bikoteak: Garai ikurra, 1.500 euro esku dirutan eta 2 lagunentzako nazioartera bidaia (Kanariar Uharteetara bidaia).

• 3. bikoteak: 750 euro esku dirutan eta asteburuko relax egonaldia Lesakako Atxaspi hotelean.

• 4. bikoteak: 500 euro esku dirutan eta AEKn euskaraz ikasteko urte osoko bi matrikula.

• 5. bikotetik 16.eraino opari txikiagoak.

Euskal Herriko Mus Txapelketako arautegi ofiziala

• Euskal Herriko Mus Txapelketarako arautegia webgunean dago, eta hemen ikus daiteke.

Euskal Herriko Mus Federazioaren helburuak

Federazioak atzo zabaldu zuenez, "mus txapelketak guk huste baino zabalduagoak daude. Adibidez inork gutxik badaki ere Munduko Mus Txapelketa ere antolatzen da lau urtero. Horretarako, Euskal Herria munduaren aurrean ordezkatu ahal izateko Euskal Herriko Mus Federazioa osatu dugu".

Helburu horrekin, "pauso sendoak" ematen hasiak dira. Dagoeneko Euskal Herriko Mus Federazioak eskutitz bat bidali dio Munduko Mus Federazioari, bertako partaide izateko informazioa eskatuz. "Gure helburua ez da gaur egun egiten diren mus txapelketak ordezkatzea, indartzea baizik eta bide horretan Euskal Herri gisa, gure izatea eta nortasuna aldarrikatzea", azaldu dutenez.

"Emeki-emeki Euskal Herrian bizi dugun zatiketa gainditu eta bide berriak josteko" sortu dute Euskal Herriko Mus Federazioa. Horregatik antolatzen dute nazio mailako txapelketa herriz herri. Euskal Herrian mus jokoa, mahai jokoetan zabalduena izaki "eta jakinik modu eta ohitura ezberdinetara jokatzen zela", oztopoak gainditu eta elkar hartzea helburu duen egitasmoa indartzeko erabakia gauzatzera dator Euskal Herriko Mus Federazioa. Bide horretan, hainbat eta hainbat elkarte, talde eta pertsonen laguntza jasotzen dute antolakuntzan.

Euskal Herritarrak nazioartean nagusi, atzerritarren izenean

Euskal Herriko Mus Federazioak azaldutakoaren adibide ona da orain hilabete batzuk Kanadako Vancouver hiritik Alaskara abiatutako gurutzontzi batean amaitu zen Euskal Gizataldeen Munduko Mus Txapelketaren XXXV. edizioa. Bertan, Hazparneko Regis Lavie-k eta Rodolphe Bidartek osatutako bikotea nagusitu zen, Frantziaren izenean jokatu zutela.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun