Gaur gaueko 9etatik aurrera, "Iaze" bigarren diskoaren aurkezpen emanaldia eskainiko du
Jare taldeak Sopelako Kurtzio kultur etxean. Sarrera bost eurotan eskuratu ahal izango da leihatilan bertan. Sopela eta Bilboko bandak Urtz taldearen "Oh lur!" kantuaren moldapena, Iñigo Cabacas "Pitu"-ri eskainitako abestia edota "Xalbadorren heriotzean" kantu aski ezagunaren Gabonetako nahasketa bezalako piezak eskainiko ditu, besteak beste. Era berean, etxean jokatuta, boskotea nekez irtengo da Kurtziotik Sopelako jaietako "Gaur da gure eguna" abestiari ekin barik. Gaur ikusteko parada ez duena, Jare izango du oholtza gainean Bilbon (Fnac-en, otsailaren 16an), Donostian (Fnac-en, otsailaren 23an), Londresen (martxoaren 9an), Iruñean, Tolosan eta Gasteizen. Hard rocka, pop musika eta rock alternatiboaren artean kokatu izan da Idi Bihotz bandaren ondoren sortutako talde hau. Esperientzia eta gaztetasuna biak daude proiektu honetan. 2010eko amaieran sortu zen Mikel eta Gorka Bizar anaien ekimenez. Horiekin batera belaunaldi berriko musikari trebeak: Jagoba Ormaetxea eta Iñigo Benito (Autostereo), eta Kepa de Miguel. "Iaze" boskotearen bigarren diskoan errepika gogoraerrazak, eskema harmoniko landuak, eta kutsu positiboa darien letra konprometituak entzun ahal dira. Haien ustez, "euskarazko rockaren barruan soinu berri baten abiapuntua" da disko berria. Argazkian, Jare taldea / © Gaztelupeko Hotsak.