Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna kolokan

Festa feminista hartuko du gaur Itzubaltzeta gaztetxeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urt. 26a, 05:22

Gaur, larunbata, iluntzeko 20:00etatik aurrera, "jaialdi festminista" izeneko festa hartuko du Itzubaltzeta / Romoko gaztetxeak. Herri horretako emakume asanbladak antolatuta, jaialdia ekitaldi feminista dela medio abiatuko dute. Ondoren, 21:00etan, musikarien txanda helduko da. Oholtzan Barañaingo Afu eta herriko Honat erromeria taldea arituko dira. Haien ostean, bi dj izango dira: DJ Festera eta DJ Dexx-Oreka. Horretaz gain, antolatzaileek queer txokoa eta hainbat ezusteko agindu dituzte. Sarrera 3 eurotan eskuratu ahal izango da gaztetxeko atean bertan. Ekimen horren bidez, Itzubaltzetako Emakume Asanbladak bere ekimenak finantzatzeaz gain, emakumeak ere musikariak direla gogoratuko du. Azkenik, taldeko bi kideri abenduaren 13an egindako epaiketa irabazi dutela ospatu ahal izango dute. Bere neskalagun ohia jipoitzeagatik salatutako gizon bat Getxon jendaurreko elkarretaratze baten bidez seinalatu izanagatik irainak eta kalumniak leporatu zizkien aipatu gizonezkoak. Getxoko 1. instrukzio epaitegiko jujeak, ordea, ez du deliturik ikusi. Halere, Salatzaileak helegitea jarri du Bizkaiko Auzitegian. Argazkian, epaiketaren egunean Negurin egindako kontzentrazioan.

Abenduaren 13ko epaiketan, N.L.B. eta A.N.M. emakumeek M.M.L.P. gizonezkoari buruz gezurrak eta irainak bota zituzten ala ez epaitzeaz gain, M.M.L.P.-k bere bikotekide ohia kolpatu zuen ala ez izan zen hizpide, horixe baitzen gizon musikariari Getxoko Malakate plazan pasa den ekainean 50 bat lagunek hainbat kartel eta pankartaren bidez leporatu ziotena. Horretaz gain, sexu erasoen aurrean eta epaiketa bat bitartean salaketa ekintzak zilegiak diren zalantzan jarri zen bistan.

Feministen abokatuak musikariaren neskalaguna ohiaren parte medikuak, lesioen argazkiak, jarritako salaketa eta neska beraren deklarazioa jarri zituen mahai-gainean. Horretaz gain, hainbat lekukori eman zion hitza. Abokatuak Malakaten tratu txarrak salatzeko pertsonen ekimena txalotu zuen, jendartearen presioa eta, batez ere, mugimendu feministakoa ezinbestekotzat jo baitzuen emakumeenganako bortxakeria desagertuko bada. Irakurketa horrekin bat egin du epaileak emandako sententzian bi neskak aske uzteko. Bere ustez, injurian erortzeko asmorik ez dago frogatuta eta salatzeko asmoa bera ez da delitua. Gogoratu duenez, instituzioek ere bortxakeria matxistaren aurkako jarrera azaltzera deitu dute.

Ekimeneko kartela

kartel KOLOR mail

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun