Oinarri ideologikoen txostenari onartutako emendakinak
Sortuk berak zabaldu duenez, Sortzaile prozesuaren lehen herri batzarretan alderdiaren oinarri ideologikoen txostena eztabaidatu zen ehunka herri eta auzoetan. Txosten horrek 400 emendakin alternatibo inguru jaso zituen eta bozketari begira, 33 arlori egindako 90 emendakinetan barnebildu ziren.
Honakoak lirateke eztabaidagai izan diren gai nagusiak: Euskal Estatua eta Europar Batasuna, sozialismoa ulertzeko era, euskara eta feminismoa.
Europar Batasunari dagokionez, oso eztabaidatua izan den gaia da Europar Batasunarekiko Euskal Herriak izan beharreko harremanari dagokiona. 38 emendakin jaso zituen puntuak. Honakoa da bozketen ostean, nagusitu den aukera: Sorturen helburua Euskal Estatua Europan sortzea da. eta euskal herritarrei galdetzea ea estatu hori Europar Batasunean integratu edo ez. (55 eta 56 puntuak).
Sozialismoaren definizioan, sozialismoa ulertzeko era ezberdinek dute Sortun lekua, beti ere, printzipio minimo batzuen baitan (65 eta 66 puntuak).
Euskarari dagokionean, Sortuk adierazten du euskal estatua euskararen biziraupenerako oinarrizko tresna dela, baina ez nahikoa. Era berean, euskara izango dela euskal estatuaren bermea (72 eta 75 puntuak).
Feminismoa txertatzean, gogoan izan da historikoki hiru ardatz izan dituela ezker abertzalearen proiektu politikoak: Euskal Herria independente, sozialista eta euskalduna. Sortzaile prozesuan parte hartu duten milaka lagunek ontzat eman dute laugarren ardatz bat gehitzea: feminismoa. Horrela bada, hona definituko luke Sortuk bere proiektu politikoa: Sortuk bere egiten ditu Ezker Abertzalearen helburu estrategiko historikoak, hau da, Euskal Herri independente, sozialista, feminista eta euskalduna lortzea, internazionalismoaren, ekologismoaren eta aniztasunaren balioetan ere oinarritua. (50 puntua eta 79. 81 eta 82 puntuak).
Bestetik, Oinarri Ideologikoen hasierako ponentzian jasotzen ez ziren bi arlo gehituko zaio behin betiko ponentziari: antimilitarismoa eta askatasun sexualari dagozkionak. Izan ere, antimilitarista gisa definitzen du bere burua Sortuk. Horrela, lehenik eta behin Euskal Herrian finkaturik dauden okupazio indar militarrek alde egitea du helburu. Era berean, NATOtik kanpo kokatuko luke bere burua euskal estatuak, eta ez luke armada baten sorrera bultzatu. (200 puntua). Sexu askatasunari dagokionez, Sortuk borroka egingo du edozein pertsonak bere gorputz, nahi eta harremanen inguruan libreki erabaki ahal izateko. (201 puntua).
Onarturiko emendakinei dagokionez, 33tik 15 kasutan ponentziak jasoriko testua da bozka gehien jaso dituena. Beste 18tan, emendakin alternatiboak dira onartuak izan direnak.