Getxoko Udalak Algortako Hezetasuna Auzoko Jai Batzordeari jarritako 600 euroko isunari aurre egiteko asmoz, larunbat honetan, urtarrilak 26, kontzertua izango da Txorimalo gaztetxe getxoztarrean. Horrenbestez, 21:30etik aurrera, Garrasika eta Mad Skins taldeak igoko dira oholtzara. Gauerditik aurrera, berriz, gaupasa egongo da DJak girotuta. Sarrera 3 eurotan izango da. Bihar ere, "gaur egungo eredu kapitalistak bultzatzen duen kontsumismo amorratuari alternatiba bat bezala", azoka egingo du Telletxe plazan, 10:00etatik 14:00etara, Algortako Gazte Asanbladak (AGA). Aipatu gunea "eremu zabal" bihurtu nahi dute egun horretan, non pertsona orok izango duen bere produktuak saltzeko edo trukatzeko aukera, "gehienetan ekoizle-sortzaile hauek ez dutelako espazio propiorik". "Beraz egin dezagun egun hau ahaztezina, eta bihurtu dezagun Telletxeko plaza azoka erraldoi bat!", adierazi du AGAk. Argazkian, aurreko kontzertu bat Txorimalo gaztetxean / © Baltzak.