"Argia" astekariak eta
Argia.com euskal hedabideek Argia Sariak banatuko dizkiete arratsaldean euskarazko komunikazioan nabarmendu diren ekimen, programa edo pertsonei. Sei atal izango dira guztira: Internetekoa, telebistakoa, irratikoa, prentsakoa, publizitatekoa eta merezimenduzkoa. Usurbilgo Atxega Jauregia jatetxean egingo da sarien banaketa-ekitaldia, bazkalostean, 16:00ak inguruan hasita. Ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango da Argia.com-en bertan, streaming bidez. Sare sozialetan ere ekitaldiaren jarraipena egingo dute: Twitterren gertatzen ari dena kontatuko dute, eta erabiltzaileek #argiasariak etiketarekin parte hartu ahal izango dute. Facebookeko komunitateari ere berri emango diote eta argazkiak igotzen joango dira Argia.com-eko lagunek. Aurreko edizioetako irabazleen zerrenda, argazki eta bideoak
Argia.com Sariak kanalean daude ikusgai. Argazkian, 2010ean, Fakun Aznarez berangoztarrak (erdian) Galder Gonzalez eta Nagore Vegarekin batera eskuratu zuen Sareko Argia saria Grebaorokorra.info-ko partaide gisa / cc-by-nc-sa Dani Blanco - Argia.com.