Halakoetan Euskal Herritik inbidia sanoa pizten zaigu. Herrialde katalanen lur zati horretan alderdi unionista kolonizatzaileak bazterturik utzi dituzte, estaturik gabeko nazio batean dagokien lekuan, alegia. Inbidia sanoa, bai, baina tristura ere bai, itxuraz abertzale diren etxeko politikari gehienek zer egiten duten ikusirik, noiz eta independentziaren aldeko kanpaien hotsak Europan zabaltzen ari direnean, noiz eta ikuspegi historikoaren distantziaz iraganeko eta oraingo miserien orban zornatuak sekula baino ageriago ikusten ditugunean.
Frankismoak eta bere politika kriminalak gure herriari inoizko ankerren inposatu zioten euren printzipio inperialistak, betiere armen eta indarkeriaren baliabideen bermeaz. Diktadorea hil zenetik ia beste berrogei urte pasatuko direnean, “After-frankismo” honek politika kriminal berberarekin segitzen du, lehengo arma eta indarkeriaren baliabideak erabiliz. Euren jokabideak bizitza sozialaren arlo guztiak lohitzen ditu, baina jokabide kriminaletan kriminalena presoak Espainiako kartzeletan ari dira pairatzen, demokraziaz mozorroturik dugun justizia sistemaren eskutik.
Horiek horrela, horra hor Iñigo Urkullu Lehendakari Jauna, denbora berri honetako politikari dagokionez isileko lanari ekiten ei dion bitartean, ageriko lanean zapalkuntza eta kolonizazio prozesuaren errezeta zaharrak aplikatzeko ageriko lanean dabilena, autonomismo anakronikoaren errezetak aplikatzen hain zuzen ere. Eta horrekin batera azken lorea Foru Aldundietan PNVk PPri egindako keinua dugu, txirotasunera abiadura bizian garamatzan politikari laguntza eskainirik zentralismo kriminal eta baztertzailearen aliaturik fidelenak direla erakutsi guran.
Urteak aurrera doaz. Bide lokaztu zaharretik inora ez doazela oharturik, Kataluniako eremu horretan nagusi den instituzioa euren etorkizunari irtenbide osasuntsu bat bilatu guran dabil. Euskal Herriko eremuetan ez da halakorik sumatzen, eta jokabide zentzudun bat izan lezaketen Gasteizko Parlamentuan eta Foru Aldundietan lokatz arteko bideetan barna segitzen dute, halako plazer masokista batez jokatzen dute. Gidari jeltzaleak Espainiako jokabide inperialistari mugarik jarri ez, eta lehengo faxismo zaharraren ondorengoei hauspoa emanik, boterearen legearen indarrez herriaren gizalegea estali guran dabiltza, guztion hobe beharraren aitzakiaren gerizpean babesturik.
Gaur egun Kataluniak etorkizunari baikortasunez begira diezaioke. Euskal Herrian ere ez zaigu esperantzarik falta. Herri zaharrak dira biak inondik ere, eta mendeetako malkar bortitzean gora iraun nahiaren irmotasunaz ibili arren, nekearen nekeaz gaixorik daude, euren jendarteak ehunka urtetako gaixotasunaren zama darama. Zuhurtzia eta sentsibilitate apur bat duenak ez du euren argia amatatzen utziko, eta trantze txarretatik irteteko txertorik eraginkorrena bilatuko du. Txerto horrek izen bat dauka: Independentzia. Botika horrek jarriko gaitu osasuntsu, eta aurrera egiteko indartsu. Beste errezeta guztiak plazeboak baino ez dira.
Josu Gotzon Landeta irakaslea