Arriluzeko pasealekua eta Portu Zaharreko sarbidea itxita egongo dira gauetik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urt. 27a, 14:53

Getxoko Udalaren Babes Zibil Sailak 22:00etatik aurrera itxiko ditu gaur, igandea, Arriluzeko pasealekua itsasargirantz eta Ereagarako zein Algortako Portu Zaharreko sarbideak La Olan hasita, egunotarako iragarritako haize gogor eta itsaso zakarrak direla eta. Bihar ere egongo dira zerratuta. Udaltzainek zainduko dituzte aipatu eremuak. Horrenbestez, batez ere bihar itsasertzetik ez ibiltzea eta Portu Zaharrean aparkatuta dauden autoak bertatik kentzea gomendatu dute tokiko arduradunek.Larrialdietan, 112 telefono zenbakira edo Getxoko Udalaren Larrialdietarako Koordinazio zentrora (944 660 202 eta 944 660 112) deitzea aholkatu dute. Argazkian, itsasontziak ondo lotzea gomendatu dute.

Ondoko aurrezaintza neurriak hartzea eskatu du Getxoko Udalak:

- Ate, leiho eta toldoak itxi eta ondo tinkatu.
- Kendu loreontziak eta kalera eror daitezkeen gauza guztiak.
- Aldamio, garabi eta obrako beste elementuak tinkatu.
- Kanpoan egotekotan, urrundu erlaitz, murru, zuhaitz edo publizitate-hesietatik, eta kontuz ibili egiten ari diren etxeen edo kolokan dauden eraikinen aurretik.
- Bidaiatuz gero, saiatu errepidez ez bidaiatzen, bestela, kontu handiz jokatu beti. Aurretik, jakinaren gainean egon zer-nolako eguraldia izango den zu zoazen leku horretan edo pasako dituzun lekuetan.
- Itsas ondoan bazabiltza, urrundu hondartzatik eta haize handiaren eraginez sor daitezkeen marea eta olatu handien kolpea jasotzen duten lekuetatik.
- Saiatu itsasontzirik ez erabiltzen eta berrikusi amarrak. Inola ere ez, ez egin uretako kirolik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun