Alkarbidek koordinatu duen ekimen honetan 7.000 liburuxka inguru banatuko dira kanpainan parte hartu duten udalerrietan. Aurten, gainera, kanpainari buruzko iritzia jasotze aldera, inkesta bat ere bidaliko zaie hartzaileei; inkesta horren bidez, kanpainari buruzko iritzia emateaz gain, gurasoek euren kezka eta zalantzak ere helarazi ahal izango dizkiete euskara zerbitzuetako arduradunei. Inkesta betetzen duten guztien artean euskarazko produktuen sorta zozkatuko da. Umeak eskolan lehen aldiz matrikulatzen dituzten gurasoei D ereduari buruzko informazioa ematea eta eredu hori aukeratzeko arrazoiak azpimarratzea dira kanpainaren helburuak.
Parte-hartzaileak
Parte-hartzaileei dagokienez, 21 udal eta bi mankomunitate dira; beraz, guztira, 36 udal: Abanto-Zierbena, Arrieta, Arrigorriaga, Balmaseda, Basauri, Berango, Bilbo, Enkarterriko Mankomunitatea, Erandio, Etxebarri, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Gordexola, Leioa, Mungia, Muskiz, Ortuella, Sestao, Txorierriko Mankomunitatea, Urduña, Zaldibar eta Zierbena.
Kanpainaren osagarri nagusiak lau dira: udaleko ordezkariren batek sinatutako gutuna, euskarazko ereduetan ikasteak dakartzan abantailen berri ematen duena; gutuna bidaltzeko gutunazala (gutunazalaren beraren barruko aldean agertzen dira D eredua aukeratzeko arrazoiak); eskolan hasiko diren neska-mutilentzako oparia; gurasoek kanpainari buruz duten iritzia eta gaiaren inguruan dituzten kezkak eta zalantzak jaso ahal izateko inkesta.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.