Egun hauetan Jon Rosales Palenzuela gazte algortarra
epaituko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean, beste zortzi euskal herritarrekin batera. "ETAri laguntza ematea" egotzita, 10 urteko espetxe zigor eskaerari aurre egin behar izango dio mutilak. "Akusazioan oinarri bakarra, inkomunikazio aldian, basaki torturatuta izan zenean ateratako deklarazioa da", salatu du Algorta-Getxoko Ezker Abertzaleak. Horren aurrean, Getxoko Bilduk mozioa aurkeztu du, biharko udal osoko bilkuran eztabaidatua izan dadin. Besteak beste, Rosalesen kontrako epaiketan "bere kezka adieraztea" eskatuko dio koalizioak Udalbatzari, "torturapean lortutako testimonioak frogatzat erabili daitezkeelako". Bestalde, "gatazka politikoa konpontzeari begira, inoren aurkako mehatxu, presio, atxiloketa eta tortura mota guztiak desagertzea" galdegingo diote, "baita inkomunikazio aldia ere; Osoko Bilkura hau horren defentsa eragile aktiboa izango dela". Azkenik, "Auzitegi Nazionala bezalako salbuespeneko epaitegiak eta salbuespen legeak desagertzea" eskatzeko gonbitea egitea luzatuko dio Bilduk Udalbatzari. Bere aldetik, Algorta-Getxoko Ezker Abertzaleak 16:30ean deitu du elkarretaratzea udaletxe aurrean; 17:00etan hasiko baita osoko bilkura. Gaur ere mobilizazioa izango da, 19:30ean Telletxe plazan. Argazkian, Maitane Nerekan Umaran Getxoko Bilduren bozeramailea.